Hasteko, zapatuan, ekainaren 18an, Amoria & Dolore dantza eta antzerki ikuskizuna eskainiko dute. Euskal nabigazioaren urrezko aroa eta garai horretako musika da emanaldiaren abiapuntua; 20:00etan izango da, Ontziola plazan.
Hurrengo egunean, hilaren 19an, Juanita Larando patatxa-ontziaren harrera-ekitaldia egingo dute Plentziako portuan, 19:00etan. Euskal Herriko kostaldetik portuz portu nabigatzen ari den erreplikak hainbat herri bisitatu ditu daborduko, tartean, Getxoko Portu Zaharrean geldialdia egin zuen aurreko astean.
Astelehenean eta martitzenean, hilaren 20an eta 21ean, Plasentia de Butron museoak bat egingo du ekimenagaz eta bisita gidatuak eskainiko dituzte 11:00etan eta 12:00etan. Bertaratzeko Plentziako turismo bulegoan eman beharko da izena aldez aurretik.
Horretaz gain, astelehenean eta martitzenean familientzako tailerrak eta itsas-dibulgaziorako jarduerak eskainiko dituzte; 17:30ean hasiko dira, Ontziola plazan. Alde batetik, hilaren 20an, 18:00etan, izarrak ikusteko tailerra egongo da, konstelazioak zer diren jakiteko, eta, ondoren, bertaratzen direnek planisferio bat eraikiko dute. Jarraian, 19:00etan Haizeari mila galdera Getariatik Sevillara itsasontziz egindako espedizioaren dokumentala proiektatuko dute udaletxean. Bestalde, hurrengo egunean, itsas ogibideakaz lotura duen erakustaldia eskainiko dute Albaola proiektuko kideek, eta, ondoren, 19:00etan, solasaldi historikoa egongo da patatxa-ontzian.
Egitarauari bukaera emateko, hilaren 22an agur esango diote Juanita Larando patatxeari, Euskal kostaldetik bere bidea jarrai dezan.