Plentziako kale-garbiketaren kudeaketa kolapsatzear dagoela ohartarazi du EH Bilduk

Ander Zarraga 2022ko abu. 5a, 10:57

Zabor edukiontziak gainezka, Plentziako kaleetan.

Aurreko uztailaren 21ean eta 22an Plentzian ospatu ziren Madalena jaien osteko kale-garbiketa, zabor-bilketa eta mantentze-lanen utzikeria gogor kritikatu ditu koalizio abertzaleak eta salatu du zeregin horiek egiteko enpresa ez dela ari kontratua betetzen.

Udaldi honetan, Udalak kale-garbiketarako aurreko urteetan baino baliabide gutxiago jarri dituela deitoratu du Plentziako EH Bilduk. Lehen, jaien aurretik, enpresa arduradunagaz batzartu eta, besteak beste, kaleko zaborrontziak hustu eta festetako hondakinak batzeko plangintza egiten zutela azaldu dute. Aurten, edukiontziak berritu eta hustu ez dituztenez, kaleko zaborrontziak gainezka egon dira, eta horietako asko apurtuta eta zikin daudela azaldu dute. Horretaz gain, azaldu dute Udalak bi komun bakarrik kontratatu zituela Madalena jaiak hasi baino bi egun lehenago, eta, horretarako, 2018an baino % 367 gutxiago gastatu zuela.

Sare sozialetan egindako argitalpen batean adierazi dutenez, Udalak 2021ean kale-garbiketarako kontratatu zuen enpresa hitzarmena ez dagoela betetzen ohartarazi dute: "Behin baino gehiagotan salatu dugu enpresa ez dela ari kontratua betetzen ari: udako errefortzuak, espaloiak urez garbitzea, aldiro hustubideak garbitzea, bide publikotik belarrak kentzea...". Hori dela eta, zinegotzi arduradunaren funtzioak argitzeko eskatu dio EH Bilduk udal-gobernuari.

Langileak baliabide barik

Koalizio abertzaleko kideek gaineratu dute garbiketa-zerbitzuko langileek baliabide nahikorik ez dutela, izan ere, kaleak uragaz garbitzeko mahukarik ere ez dute eta horretarako kamioia "ez da ia inoiz etorri"; horren ondorioz, hiribilduko kaleetako egoera negargarria dela deitoratu dute. Gainera, gogoratu dutenez, kale-garbiketako zerbitzuko beharginak greban daude maiatzaren 6tik, eta, ordutik, EAJren Udala ez da akordio batera heldu enpresa-kudeatzaileagaz.

Herritar asko haserre daude Plentziako kaleen garbitasun-egoeragaz eta koalizio abertzaleko kideek iragarri dute egoera kolapsatzear egon daitekeela, abuztuaren amaieran ospatuko diren sanantolin jaien aurretik neurririk hartzen ez bada. Horri konponbide bat bilatzeko Udalari elkarlanerako proposamena egin dutela adierazi dute, baina gobernu-taldearen aldetik indiferentzia besterik ez dutela jaso esan dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun