Udalak azaldu duenez, hasi berri diren obren helburua bikoitza da: alde batetik, udalerriko umeek aukera izatea olgetako eta eremu horretaz gozatzeko eguraldia edozein dela ere; eta, bestetik, eremua guztiz berritzea, eta, horretarako, olgetako elementu berriak ipini eta zoladura aldatuko dute. Honako elementu hauek ere jarriko dituzte: zabuak, txirristak eta beste osagai batzuk, hainbat trebetasun lantzeko, hala nola zalutasuna eta oreka.
Lanek 180.000 euroko aurrekontua dute,140.000 euro estalkiagatik eta 40.000 euro joko berriengatik. Estalkia instalatzeko lanak datozen lau hilabeteetan egitea aurreikusi du Udalak. Ondoren, joko berriak instalatuko dituzte. Jarduera hau pasa den maiatzean udal-gobernuak aurkeztu zuen Entzun eta Ekin Planaren barruan kokatzen da, 2022an eta 2023an hiria biziberritzeko inbertsio-plan berezia, hain zuzen ere.
Plan horrek 1.859.100 euroko zuzkidura du, eta, guztira, premiazko hamar proiektu biltzen ditu, aurtengo urtarrilean eta otsailean egindako inkesta soziopolitikoan plentziarrek adierazitako beharrei eta arazoei erantzuteko. Inkesta horretan 350 elkarrizketa egin zituzten herriko bizilagunen artean, telefonoz.
“Aisialdiko guneak eta, zehazki, Astilleroko haur-parkea hobetzea izan zen inkesta soziopolitikoan eta maiatzean eta ekainean egin genuen Auzoekin Bat parte-hartze eta entzute aktiboko programako topaketetan jaso genuen eskaera nagusietako bat. Ekimen horri esker, auzoen beharrak eta hobekuntza-ekintzak bertatik bertara ezagutu ahal izan genituen, Plentziako bizilagunen iradokizunak eta ekarpenak jasoz. Beraz, jarduera honek herritarren nahiari erantzuten dio”, adierazi du Elixabete Uribarri alkateak.