Udaldian, Plentziako kaleen garbitasun faltak hainbat herritarren haserrea piztu du. Askok kritikatu dute Udalak ez duela egoera aurreikusi, eta, batez ere jaietan, kaleen egoera penagarria izan dela. Egoera horren aurrean, EAJren gobernu-taldeak eta oposizioan dagoen EH Bilduk bat egin dute, eta, egoera errepika ez dadin, kaleak garbitzeaz arduratzen den Brocoli S.L. enpresa zigortzea erabaki zuten aurreko astean egin zen osoko bilkuran. Argudiatu zutenez, enpresak ez zuela Madalena eta San Antolin jaietarako ezarritako kontratua bete.
Aldeko botoa eman arren, EH Bilduko zinegotziek deitoratu dute gobernu-taldeak ez duela "inongo neurririk hartu egoerak gainezka egin arte", eta gogoratu dute arazoaz ohartarazi dutela sarritan. Horretaz gain, egoera ikusarazteko hainbat adibide azaldu dituzte: "Besteak beste, kale-garbiketako langileak erratz eta mahuka barik egon dira, horregatik ez ziren kalean uragaz garbitzen, eta aurreko udan ez zen errefortzurik kontratatu".
Horretaz gain, abertzaleek salatu dute enpresa ez dela ari udalerriko ohiko garbiketa-lanak egiten ari, hala nola hustubideak garbitzea, saneamendua edo kaleak eta espaloiak urez garbitzea. Horregatik, eskatu dute enpresaren aurkako espedientea jaiez harago hedatzea.
Gainera, gogoratu beharra dago Plentziako kale-garbiketa enpresako beharginak greban egon direla irailera arte, enpresagaz akordio batera heldu ziren arte.