Bost hilabeteko grebaren ondoren, Plentziako kale-garbiketa zerbitzuko lau langileek amaiera eman diete lanuzteei. Mobilizazioetan, ELA sindikatuak ordezkatu ditu beharginak, eta, zehaztu duenez, honako hau adostu dute zerbitzua kudeatzen duen enpresagaz: KPI gehi % 3ko igoera akordio indarrean egongo den hiru urteetan (2023, 2024 eta 2025), behargin guztien lanbide-kategoriaren igoera eta norberaren kontuetarako bost egun finkatzea.
Sindikatuak adierazi duenez, "lortutako onurak langileek egindako borrokaren emaitza dira". Halaber, ELA sindikatuaren erresistentzia kutxak emandako indarra ere azpimarratu gura izan dute, prekarietatearen aurkako borroka duintzeko "ezinbesteko" tresna baita horrelako greba luzeetan.