Beñat Arza, Teobaldo Sanz de Galdeano, Alexander Kuznetsov, Aingeru Crespo, Ander Bilbao eta Arkote Arraun Taldeko kadeteen taldea osatzen duten gainontzeko arraunlari gazteek historia egin dute aste-akabuan: Arkote Arraun Taldearen 63 urteko ibilbidean lehen aldiz Espainiako Batel Txapelketa irabaztea lortu dute. Aurreko asteetan bezala, kadeteetako mutilek Sestaoko uretan garaipena errepikatzea lortu dute, denboraldi honetan Bizkaiko eta Euskadiko banderak ere eskuratu baitituzte.
Raul Amundarain eta Josu Marin dira euren entrenatzaileak, eta, azkenak goraipatu duenez, "gazte hauek historia egin dute". Dioenez ez da zorte kontua, hiru txapelketatik hirurak lortzea egindako lanaren emaitza da: "Hainbat ordu sartu ditugu gazte hauekaz lanean, emaitzak etor zitezkeela ikusi dugulako, eta beraiei ere ez dielako ardura astean lau edo bost egunez gogor entrenatzea".
Prestatzaileak nabarmendu duenez, arraunlari guztiak aurtengo denboraldian igo dira haurren mailatik edo berriak ziren, eta kategoria horretan iaz garaipenak lortu bazituzten ere, "aurtengo txapelketetan 500 metro gehiago egin behar zituzten; gainera, 15 urteko gazteak izanik, 16 edo 17 urte dituzten arraunlarien aurka aritu dira". Hala ere, entrenatzaileak azaldu du denboraldian zehar taldeko arraunlari nagusiakaz egon direla entrenatzen, "beraz, bazekiten borrokatzea zer zen".
Emaitzak apartekoak izan arren, taldearen egoera kaskarra izaten jarraitzen duela gogoratu du Marinek, izan ere, Arpillaoko lokalen arazoaren ondorioz taberna itxita dute eta hortik jasotzen zuten finantzazioa etenda dago. Entrenatzeko ere zailtasunak dituztela gogoan izan du Marinek, hangarra erabiltzeko baimena izan arren, gimnasioak itxita jarraitzen duelako eta duten baliabideakaz moldatu behar direlako. "Emaitzak lortu ditugun arren, egoera nahiko txarra da orokorrean, hala ere, zuzendaritza-batzordetik eta gurasoetatik laguntza asko jasotzen ari gara; berbarako, aste-akabuan guraso batzuk aritu dira batel batek zituen kalteak konpontzen", azaldu du.