Artxibogintzan espezializatutako historialaria aurreko urteko urrian hasi zen Billabasoena eraikinean dagoen Plentziako Udal Artxibo Historikoaren digitalizazio-prozesuagaz. "Zortzi hilabetetan 3.000 dokumentu baino gehiagoko datu-basea sortu dugu Accesen. Dokumentuak birkatalogatu behar izan dira, ISAD (G) fitxategien formatu komunera egokitu daitezen, eta haien kontserbazio-egoera egiaztatu", azaldu du Sotak.
Arantxa Renteria museoko zuzendaria da eta Sota egiten ari den lana goraipatu du, "edonork ezin dituelako dokumentu horietan idatzita dagoena irakurri, bai bolumenagatik, baita duten kaligrafia eta adierazteko moduengatik ere". Gaineratu duenez, museoaren helburua da artxiboan dauden dokumentu guztiak katalogatzea, digitalizatzea eta horien datu-base bat sortzea, "Plentziako historia hori gorde eta edonork kontsultatzeko aukera izan dezan". Momentuz, katalogatutako dokumentuak digitalizatzeko fasean ari dira, baina oraindik sailkatu gabeko 30 kutxa baino gehiago dituztela dio Sotak, "barruan ehunka dokumentu dituztenak" .
Plentziako Udal Artxibo Historikoak lau funts gordetzen ditu: Udal Funts Historiko orokorra, XVII. mendetik XX. mendera bitartean Udalak sortutako dokumentazioa, hala nola akta-liburuak, planoak, obrak, aurrekontuak, eskaerak eta proiektuak. Sotak dioenez, artxiboko dokumentazio gehiena horri dagokio, 600 kutxa baino gehiagotan dauden 7.000 dokumentu inguru baitaude.
Plasentia de Butron museoak ere bere fondoa dauka eta 1994an sortu zenetik hainbat dokumentu batu ditu, besteak beste, museoaren jatorria eta eraketari buruzko dokumentazioa. Zuzendariak aipatu duenez, "museoa sortzeko ideiagaz hasi zirenean, itsasadarrean galeoi bat egiteko asmoa ere plazaratu zuten, eta hori hor azaltzen da".
Nautika eskola eta kofradia
1934. urtera arte Plentzian egon zen nautika eskolaren dokumentuak aztertu ditu historialariak. 1852ko aurreproiektuetatik desagertu zen arteko dokumentazioa dago eta artxiboko bigarren funts zabalena da. Besteak beste, zentroaren kontuak, matrikulak, ordenantzak eta espedienteak gordetzen ditu. Horri lehentasuna ematen ari direla ere nabarmendu du historialariak, "ikerketarako interes handia duen fondoa delako; uste dugu horren % 100 digitalizatuta izango dugula 2023aren amaierarako".
Eskolako dokumentuetan aurkitutako bitxikerien artean, Sotak 1927an eskolako ikasleek titulua lortzeko Bilboko Nautika Eskolan egindako azterketen emaitzak nabarmendu ditu: "55 azterketatatik zortzi suspentsoak dira, baina bitxiena aritmetika irakasgaia da, Plentziako Nautika Eskolako ikasle guztiek bikain bat lortu zutelako; irakasgai horretan bakarrik gertatzen da hori. Ziur aritmetika irakaslea oso ona zela edo ikasleak jenio batzuk".
San Pedro Jaunaren Marinelen Kofradiaren funtsa, aldiz, XVIII. eta XIX. mendeen artekoak da eta sei kutxatan batutako 91 dokumentu inguru ditu kideen zerrendakaz, kontuakaz edo ordenantzakaz. Renteriak zehaztu duenez, Plentziako Nautika Eskolaren aurrekaria izan zen kofradiak 500 urte beteko ditu hurrengo 2024an. "Plentziaren historiak itsasoak garrantzi asko izan du eta hainbat itsasgizon atera dira emetik eta bertan jasotzen zituzten itsasoagaz lotutako ezagutzak; Plentziako Nautika Eskola udaletxeko eraikineko hegaletako batean zegoen, eta bestean umeek ikasten zuten", azaldu du Renteriak.