Plentzia eta Uribe Kostako XV. Historia Jardunaldiak hasiko dituzte gaur

Ander Zarraga 2023ko uzt. 10a, 10:03

Besteak beste, eguaztenean, uztailaren 12an, Zabaltxen egiten ari diren indusketak bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatua egingo dute.

Plentziako Itsas Estazioak, PIEk, eskualdeko historia, artea eta fauna ardatz izango dituen hainbat hitzaldi hartuko ditu gaur eta bihar, uztailak 10 eta 11. Halaber, eguaztenean, Zabaletxeko aztarnategira bisita gidatua ere egingo dute. Jardunaldi horiek helburu didaktikoa izango dute, baina bi aste barru, hilaren 27, 28 eta 29an, adituentzako Kantauri Itsasoko Kulturaren V. Kongresua egingo dute Plentzian eta Luancon.

Gaur, 18:00etan hasiko dituzten berbaldiei hasiera emateko ardura izango du Arantxa Renteria Plasentia de Butron museoko zuzendariak. Bertan, 25 urte betetzen dituen erakundearen inguruan hainbat argibide emango ditu. Bere ostean, Oihane Garciak hartuko du hitza eta Jenaro de Urrutiaren Plentzian iradokitako artearen inguruan arituko da. 

19:00etan, Markel Sanzek historiaurrean Uribe Kostan bizi ziren animaliak zeintzuk eta nolakoak ziren deskribatuko du, eta, azkenik, museoak 2023an jaso dituen objektuak eta horiekaz egin duten erakusketari buruz arituko da Jondalar Sota erakundeko behargina.

Bihar, hilaren 11n, 18:00etan ere bai, 60. hamarkadako Plentziako jaiak nolakoak ziren gogoratuko du Javier Garcia Borreguerok. Ostean, 18:30ean, Javier de Miguel Ortegok Plentziako museoko piezak zaharberritzeko prozesuak azalduko ditu, eta, bukatzeko, Gonzalo Duok Gorlizko portuari buruzko hainbat argibide emango ditu.

Era berean, eguaztenean, hilaren 12an, Zabaletxeko aztarnategi paleolitikora irteera gidatua ere antolatuko dute. Irteera horretan, Barrikan egiten ari diren indusketak bertatik beratara ezagutzeko aukera egongo da Edestiaurre elkartea, EHU, eta Plasentia de Butron museoaren eskutik. 18:00etan jarri dute hitzordua Meñakozeko aparkalekuan; bertaratzea doakoa izan arren, aldez aurretik izena eman beharko da.

Adituentzako jardunaldiak

Gainera, uztailaren 27, 28 eta 29an Kantauriko Itsas Kulturaren V. Kongresuak hartuko du txanda. Adituentzako eduki mardulagoak izan ohi dituen kongresu honetan XIX. mendeko itsas kulturaren hainbat aspertu jorratuko dituzten adituak bertaratuko dira; hala ere, publiko orokorrarentzako zabalik egongo diren berbaldiak izango dira. 27an eta 28an Plentziako Goñi Portalen egingo dituzte eta 29an, aldiz, Luancon (Asturias) egingo dute hirugarren eta azken jardunaldia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun