"Itsaso zabaleko igeriketa oso modan dagoen kirola da. Neguan jendea igerilekura doanez, erabiltzaileek uste dute udan itsasoan berdin-berdin igeri egin dezaketela. Baina itsasoko irteerak ondo prestatu behar dira", azaldu du Aketza Sanchezek. Horregatik sortu zuten Igeribideak proiektua: "Igeriguneek pista berdeak sortzen dituzte. Adibidez, Astondon kilometro bateko ibilbidea egin dezakezu era seguruan igeri egiteko".
Sanchezen esanetan, garrantzitsuena da ondo erabakitzea zein egunetan egingo den itsaso zabaleko igeriketa jardunaldia: "Masterclass-ean azaltzen dut nola jakin dezakegun zein izango den itsasoaren egoera 10-15 egun lehenago Interneten bidez; mareak, korronteak eta eguraldia begiratu behar dira".
Horrez gain, klaseak prestatzeko hondartza bakoitzaren topografia aztertzen du lehenik eta behin: "Ereagako hondartzak arrokak ditu itsasbeheran, eta Gorlizek itsasadarra du". Hala, azaldu du Bizkaiko kostalde osotik hondartza bi horiek izan direla aproposenak Igeriguneak sortzeko, "badiak direlako eta olatuak sartzea zaila delako".
Halaber, Sanchezek uste du jendeak orokorrean ez duela segurtasun neurririk hartzen itsasoan igeri egiterakoan, eta gerta daitekeenerako, "istripu gutxi" daudela dio: "Ezinbestekoa da denok begiratzea meteorologia eta segurtasuna. Gutxieneko batzuk jakitea beharrezkoa da". Hala, daborduko guztia prest du bihar Ereagako hondartzan emango duen klaserako.
"Training" saioa
Iraileko bi masterclass-etan "Training" saio bat ere egingo dute Itxaso Alonso eta Iker Iriondoren eskutik. Swim Camp Getxoko jardueren arduraduna den Ibon Arregik azaldu duenez, euren klaseetako lehentasuna beti da igerilarien segurtasuna: "Itsasoa, eremu naturala den heinean, kontrolaezina da, eta bertan igeri egiteko baldintza klimatologiko guztiak aztertu behar ditugu lehenik eta behin". Hala, ikasleakaz batera beharrezko baldintzak betetzen direla bermatu eta gero, itsaso zabaleko igeriketak kirol modalitate bezala dituen atal guztiak jorratuko dituzte, hala nola orientazioa, igeriketako teknika efizientea, arnasketa estrategia, etab.
"Ordu bateko saioak izango dira, eta guk dakigun guztia eskaintzeaz gainera, saiatuko gara argitzen parte-hartzaileek izan ditzaketen zalantza guztiak", ziurtatu du Arregik.