Kakarraldon aritzen diren hainbat umeen amek hasi zuten Antzarrak taldea pandemiaren aurretik, beraien seme-alabak entrenatzen zuten bitartean praktikatzen hasi zirenean. "Hasieran, umeakaz batera hasi ginen, Anartz gure entrenatzaileagaz", gogoratu du Karmele Atxaerandio jokalariak. Astiro-astiro eta lasai hasi ziren, askok ez zekitelako errugbian jokatzen ere: "Hutsetik hasi ginen, zortzi urteko umeei egiten zaien entrenamenduekin: psikomotrizitatea lantzen, baloia apur bat mugitzen eta arauak ezagutzen".
Gerora, jokalari gehiago gehitzen hasi zitzaizkien, eta, Ana Ormaza jokalariak azaldu duenez, beteranoak ere hasi ziren beraiekaz entrenatzen: "Entzun genuen 35 urtetik gorako emakumeen errugbi talde bat ari zirela sortzen, eta bost edo sei beterano ere gehitu ginen proiektura".
Debuta
Pandemiaren etenaldiaren ostean, 2020-2021 ikasturtean, taldea indarragaz bueltatu zen, eta hasieran zituzten 10 jokalarietatik gero eta gehiago gehitu zitzaizkien, gaur egungo 30 jokalariak izan arte. Taldearen debuta 2023ko urtarrilean izan zen, Mungiako neskek San Antontxuko torneoan jokatzera gonbidatu zituztenean. "Galdu egin genuen, baina hor erabaki genuen lehiatu nahi genuela eta, horretarako, ondo jolasten eta plakatzen ikastea beharrezkoa zela".
Emakume beteranoen partidetan arauak ezberdinak dira; adibidez, meleak ez dira lehiatzen, zelai erdian jokatzen dute, 10 jokalari ditu talde bakoitzak, plakaketakaz edo plakaketa barik jokatu daiteke, eta 10 minutuko bi denbora dituzte partidek.
"Txapelketetara joango ginela erabaki genuenean, denok bat etorri ginen plakaketakaz egingo genuela, gainontzeko kategorietan bezala", azpimarratu du Ormazak. Jokalariek une gogoangarria bat bezala deskribatu dute momentu hura, eta 56 urte dituen taldekide nagusienak esandakoa gogoan dute: "Nik gauza asko bizi izan ditut eta ez nago ezetz esateko, gauzak topera egingo ditut, ez daukat galtzeko denborarik".
Hortik aurrera, besteak beste, Bilbon eta Gijonen (Asturias) jokatutako txapelketetan parte hartu zuten, eta urte batean, partidak galtzetik lehenak izatera pasatu ziren; izan ere, garaipen handia martxoan lortu zuten, Espainiako 3. Mater Series txapelketa irabazi zutenean Bartzelonan. "Partidua amaitu eta jokalariak pozez saltoka hasi zirenean, ezin nuen sinetsi ere egin", gogoratu du Ormazak.
"Bilakaera hori oso polita izan da, bidean pertsonalki ere asko kohesionatu garelako; hainbat ekintza egin ditugu bidaietarako dirua ateratzeko, eta taldea asko batu da", goraipatu du Naia Pujana jokalariak. Amaia Arbeloa ere bat dator beragaz, eta azpimarratu du talde bat baino askoz gehiago direla orain: "Talde bat izateaz gain, emakume-sare bat ere sortu dugu, elkarri edozein gauzatarako elkar laguntzeko prest gaude". Atxaerandiok aldarrikatu du "feminismo ariketa" bat dela egiten ari direna, eta elkartasun hori zelaien ere islatzen dela.