Plasentia de Butron museoak hamaika ekintza prestatu ditu udan ere eskualdeko historiagaz gozatzeko

Ander Zarraga 2024ko uzt. 3a, 13:10

Udan egingo dituzten jarduerez gain, Plentzia eta eskualdeko hainbat sekretu biltzen dituen aldi baterako erakusketa ere daukate museoan. © PLASENTIA DE BUTRON MUSEOA

Plentziako museoak hainbat jarduera antolatuko ditu udan zehar hiribilduko eta eskualdeko historian sakontzeko. Besteak beste, historiaurreko herrixka bat birsortuko dute Ontziola plazan, bisita gidatuak egongo dira eta urteroko historia jardunaldiak ere egingo dituzte uztailaren 10, 11 eta 12an.

Hasteko, uztailaren 10 eta 11n, Plentziako eta Uribe Kostako 16. Historia Jardunaldiak egingo dituzte Plentziako Itsas Estazioan (PiE). Doakoak izango diren hitzaldi hauetan hainbat adituk beraien arloen inguruko hitzaldiak eskainiko dituzte askotariko gaien inguruan: Kantauri itsasoan ondoratutako itsasontziak, frankismoa garaia, Plentziako San Pedro kofradia edo Kakarraldo Rugby Taldea, beste askoren artean. Jardunaldietako programazio osoa albiste honen amaieran dago xehatuta. 

Horren ostean, uztailaren 12an, Kantauriko Itsas Kulturaren VI. Kongresua ere egingo dute. Topaketa hau adituentzako dago zuzenduta, itsas kulturaren aspektuak adituen ikuspuntutik landuko baitituzte bertan. Hala ere, hau ere zabalik egongo da publiko orokorrarentzat.

Bestetik, Plasentia de Butron museoak Plentzia: aztarnategi arkeologia aldi baterako erakusketa ere izango du urtearen amaierara arte. Bertan, hiribilduan aurkitutako aztarna eta objektuen bitartez, hurbileko historiako hainbat pasarte azaltzen dira.

Gainera, uztailaren 31n, urtero legez, Plasentia de Butron museoa kalera aterako da eta herriko umeentzako hainbat jarduera egingo dituzte. Egun horren helburua da hiribilduko historia txikitxoengana hurbiltzea, museoa ezagutzera ematea eta ederto pasatzea.

Horren aurretik, uztaileko azken aste-akabuan, Edestiaurre Arkeologia Elkarteak historiaurreko herrixka bat birsortuko du Ontziola plazan. Jarduera honen bitartez, duela milaka urte gurean bizi izan ziren biztanleen bizimodua irudikatuko dute, nola bizi ziren, zer jaten zuten, zenbat ziren eta antzeko galderei erantzuteko xedeagaz.

Azkenik, uda osoan zehar Plentziako leku esanguratsuak eta historia hobeto ezagutzeko bisita gidatuak ere egingo dituzte. 

Plentziako eta Uribe Kostako XVI. Historia Jardunaldiak, programazioa:

Uztailak 10, eguaztena

  • 17:00 Pecios del Cantabrico. Altzairuzko marrazoak Cantabrico ibaian. Kaiserraren urperagarriak Lehen Mundu Gerran. Daniel Ijalba, EPC.  
  • 17:45 Nabigatzaileak. Plentziako ahozko historiaren transmisioa. Nerea Aldekoa, Itsas Museum.
  • 18:30 Tokiko boterea Plentzian lehen frankismoan: 1937-1948. Koldo Somokueto historialaria.
  • 19:15 Plentziako Mareanteen kofradiaren ordenantzen 500. urteurrena. Gonzalo Duo, Plasentia de Butron museoa.

Uztailak 11, eguena

  • 17:00 Kakarraldo Rugby Taldea (euskaraz). David Crestelo, irakaslea.
  • 17:45 Artekaleko neandertalak eta sapiensak Plentzian eta Zabaletxe Barrikan. Iñaki Libano , Arkeologo esperimentala. Edestiaurre Arkeologia.
  • 18:30 Unibertsoaren memoria. Javier Quevedo, ikerlaria.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun