Elkarrizketak

David Crestelo: "Kakarraldo Rugby Taldeak herriari asko eskaini zion eta eskaintzen dio oraindik ere"

Ander Zarraga 2024ko uzt. 5a, 14:36

Crestelo Txipioko errugbi-zelai zaharrean, argitaratu berri duen liburuagaz.

Kakarraldo Rugby Taldea Plentziako historia hurbilaren parte garrantzitsu bat da, hiribilduko eta inguruetako herritar asko eta asko izan baitira horren partaide. Hori dela eta, ibilbide hori batu duen liburua argitaratu du David Crestelo plentziarrak eta jokari ohiak. Bertan, 1975etik 2008ra artean taldean jasotakoa batu du, hainbat datu, argazki eta bitxikeragaz.

Zer dela eta erabaki duzu liburu hau idaztea?

Txikitan taldean jolasten hasi nintzen lagunekin, eta garaiko argazkiak eta albisteak gordetzen hasi nintzen. Apurka-apurka taldearen hasierako argazkiak eta beste albiste eta dokumentu batzuk lortzen joan nintzen eta liburuaren ideia sortu zitzaidan.

Nolakoa izan da dokumentazio-prozesua, nondik atera dituzu argazkiak eta datuak?

Prozesu luzea eta korapilatsua izan da, zalantzarik gabe. Iturri asko kontsultatu ditut, hemeroteka fisikoak zein digitalak, liburuak erosi ditut, aldizkari historikoak, iturri ofizialak, hala nola federazioak, kirol administrazioak... Baina altxorra etxean daukagu: alde batetik, Plentzia Telebistak urteetan zehar grabatutako partiduak, emandako albisteak... iturri ezin hobea izan da; bestetik, jokalari batzuek gordetako apunte propioak, emaitzekin, ligen antolakuntzarekin... honek asko lagundu dit informazioa ondo sailkatzeko. Errugbiaren kasuan ez da erraza izan, urteetan zehar ligen antolakuntza, arauak eta taldeak aldatzen joan direlako eta aldaketa guzti horiek ondo ulertu behar dira datuen ordena ondo egiteko.

Lan mardula da, 280 orrialde ingurukoa, Kakarraldoren historia oparoa izan da?

Bai, batez ere asko sakondu dudalako. Ez bakarrik ligen eta emaitzen gorabeherak kontatzen, baizik eta taldearen inguruan sortutako bizitza: txosnak, herriko ekimenetan parte hartzekoak, jokalarien ibilbideak (selekzioetan, adibidez)... Talde txikia izateko asko ematen du.

Deskubritu duzu bitxikeriaren bat?

Bai, adibidez, Euskal Herriko lehenengo emakumezko taldea izan zuela. Datu polemikoa da hau, zalantzarik gabe, beste talderen batek hau ere aldarrikatzen duelako. Hala ere, taldearen ibilbidea laburra izan zen, baina bere garrantzia soziala liburuko orrialdeetan zehar ikus daiteke: gazteriaren babeslekua izan zen drogen aurka, adibidez, eta herriari asko eskaini zion eta eskaintzen dio oraindik ere.

"Errugbi-taldea zure bigarren famili txiki bat dela esan dezakegu; topikotik harago, hori egia da. Horregatik uste dut Kakarraldok pisu hori lortu duela, baita bere inguruan jende asko proiektua aurrera ateratzeko inplikatuta egon delako ere"

Gurean, errugbia ez da beste kirol batzuk bezain jendetsua; hala ere, Kakarraldok lortu du Plentzian eta eskualdean bere pisua izatea. Nola gauzatu da hori?

Egia da ez dela beste kirol batzuk bezain jendetsua baina gure eskualdean errugbiak presentzia handia du, ez bakarrik Kakarraldori esker, hor ere Getxok RTk garrantzi handia dauka eta, nola ez, Mungia RTk. Hori ikusita, beste eskualde batzuekin konparatuko bagenu, errugbiak izugarrizko pisua daukala ezin da ukatu, eta hori talde hauei esker da. Horrez gain, errugbi-taldea zure bigarren famili txiki bat dela esan dezakegu; topikotik harago, hori egia da. Horregatik uste dut Kakarraldok aipatutako pisu hori lortu duela, baita bere inguruan jende asko proiektua aurrera ateratzeko inplikatuta egon delako ere.

Zer dela eta aukeratu duzu azaleko argazki hori?

Ez dut nik aukeratu, liburuaren diseinatzaileen ideia izan zen, ilustrazio batekin batera. Nik ilustrazioa kentzeko eskatu nien eta egia da azala, geratu den bezala, asko gustatzen zaidala. Argazki zaharra da, non lehenengo errugbia ikus daitekeen: Touch bat da –alboko sakea–, pilota airean dago, ez dakigu nork kolpatuko duen, alde batera edo bestera joanez... Nik nire kuadrilla irudikatzen dut: Maña edo Uribe salto egiten, pilota jotzen, Lauzirika pilota hori jasotzen eta Etxebarriari zabaltzen, horrek Trebori...

Barruan ere hainbat argazki ditu lanak, kutunen bat daukazu?

Bai, argazki bakoitzak bere historia dauka: janzkera bereziak, taldeak behin edo gutxitan erabili dituenak; gure artean jada ez dauden lagunak agertzen dira; pertsona garrantzitsuak taldearentzako... Irudi bakoitzean mundu bat dago.

Gaur egun Kakarraldok erreferente bat izaten jarraitzen du herrian eta eskualdean, nolakoa izan da taldearen bilakaera 1975etik?

Hala da, bai. Kontuan hartu behar dugu KRT jaio zenean, herriko kirol eskaintza oso murritza zela: pala, arrauna eta futbola besterik ez zeuden. Gaur egun, mota ezberdinetako kirol asko egin daitezke (padela, tenisa, surfa, piraguismoa...) eta honek harrobia sortzeko aukerak gutxitzen ditu. Hala ere, KRTk eskola potentea sortzea lortu du, duela urte asko zeukana bezalakoa. Zentzu horretan, lasai esango nuke taldea nahiko antzekoa dela. Baina nagusiei erreparatuz gero, azkar konturatuko gara errugbi munduan gauzak asko aldatu direla, ligak oso lehiakorrak direla eta horrek talde ezberdinetan aldaketak ekarri ditu. Gure kasuan, adibidez, 2008tik Kakarraldo eta Mungia batuta daudela, goiko ligetan lehiatzeko asmoz. Hori da, zalantzarik gabe, aldaketarik nabarmenetariko bat. Beste bat, oso garrantzitsua nire ustez, Antzarrak taldearen sorrera eta honek taldeari eskaintzen diona.

Komentatzeko besterik?

Denborarekin, liburuaren bigarren zatia egitea pentsatuta daukadala. 50. urteurrenerako agian?

Non lortu daiteke?

Plentziako Erribea Kaleko Jose Ignacio liburudendan eta Plentziako portuko Arraun estankoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun