Aurten, SD Plentzia futbol taldeak 100 urte bete ditu, eta mendeurrena dela-eta antolatu dituzten jardueren artean, taldeko jokalari mitikoak izan ziren Buscalavida eta Milicua jokalarien historia biltzen duen dokumentala aurkeztu dute. Idoia Errexil eta Joseba Gorordo dira bere egileak, eta 1920ko hamarkadako jokalari horien bizipenetatik abiatu dira taldearen eta herriaren historia kontatzeko.
Buscalavida eta Milicua hain futbol jokalari ospetsuak ziren, herriak abesti bat ere egin ziela. Haiek ez ziren Athleticeko izar handiak izan, baina, dokumentalean kontatzen den moduan, bizitza oso mugitua izan zuten, tartean, Lehen Mundu Gerra eta Gerra Zibila ere bizi izan baitzuten. Dena den, jatorri apaleko pertsonak ziren; bata, margolaria zen, bestea, igeltseroa.
Gorordok hainbat dokumental egin ditu, eta, orain, bere bikotekideagaz batera, ekoizpen propioak sortzeko erabakia hartu du; Buscalavida y Milikua izan da haien azken lana. Gorordok azaldu du proiektua David Crestelogatik abiatu zutela: "Bera artxiboetan murgilduta ibiltzen da, eta galdetu zidan Luis Milicua nire osabaren inguruan zerbait eginda ote nuen, SD Plentziako jokalari famatua izan baitzen, eta nik Athleticzaleen inguruko antzeko proiektu bat eginda nuelako: Zu zara nagusia. Orduan, gogoratu nintzen gure amamak Buscalavida y Milicua abestia kantatzen zigula, baina ez nekien asko horren inguruan; beraz, zerbait egin behar genuela erabaki nuen".
Hala, dokumentala Gorordoren amarengandik abiatu zuten, Luis Milicua futbolariaren ilobatik. "Bere familiatik hasi ginen, baina beste hainbat herritarrekin egon gara, jendea beti egon baita oso prest agertzeko eta laguntzeko. Besteak beste, dokumentalerako elkarrizketatu ditugu Bittoren Laurodogoitia Plentziako alkate ohia; Bittori Milikua Landa, Luisen alaba; Pili Garai, Josechu Garai Buscaren alaba; Gorka Mayor historialaria edo Felix Mugurutza ikerlaria", azaldu du Errexilek.
Buscalavida eta Milicuaren bizitzetatik abiatuta, Plentziako futbol taldeak mende batez izandako gorabeherak kontatu dituzte dokumentalean, baina horiek bizi izan zuten herria eta garaia ere gogoratu gura izan dute, bereziki Plentziako portuaren ingurua eta biztanleak. "Taldearen sorrera eta jokalari mitiko horien istorioa kontatzen abiatu genuen dokumentala, baina urte horietan Bilboko lehen udatiarrak hona etortzen hasi ziren eta hori ere sartu dugu. Polita da, futbolak udatiar dirudunak eta bertako herritar xeheka batu zituelako", kontatu du Gorordok.
Elkarrizketez gain, artxiboko hainbat irudi ere erabili dituzte, tartean, Plentzia Telebistak grabatu zituen partidetako irudiak, plentziarren artxibo pertsonalak edo Euskadiko Filmategikoak: "1927ko Plentziako pelikula bat aurkitu genuen, Eleiz plazan egiten zen azoka, San Antolin jaiak eta portua erakusten dituena". Horrez gain, Athleticen museoari esker, Errege Kopako finaleko argazki zahar bat ere lortu zuten: "Athletic eta Real Madriden arteko partiduaren aurretik, Plentziak eta Racing de Sestaok jokatu zuten jendez beteta zegoen zelaian", aipatu du Gorordok. Gaineratu duenez, partidu horretan Euskal Selekzioaren kapitaina izan zen Gregorio Blasco omendu zuten, "hain zuzen ere, Plentziako portukoa ere zena".
Dokumentala bien artean ekoiztu duten arren, Xanti Salvador teknikariak soinu edizioa egin du, Eneko Peñak grafismoa eta Natxo Sainzek kolore-zuzenketa. "Beraiek egindako ekarpen teknikoei esker, emaitza oso profesionala izan da eta asko nabaritzen da", adierazi du Gorordok.