Plentzian indarrean dagoen hirigintza-esparrua 2001eko uztailean onartutako Arau Subsidiarioek osatzen dute, eta egungo gobernu-taldeak asmoa adierazi du azken hamarkadetan gertatutako aldaketa sozial, ekonomiko eta ingurumenekoetara egokitutako plangintza berri bat egiteko. Aurreratu dutenez, HAPO berriak udalerriko lurzoruak sailkatuko ditu, erabilerak eta araubideak zehaztuko ditu, eta etxebizitzarako, ekipamenduetarako, mugikortasunerako eta eremu publikoetarako irizpideak ezarriko ditu, besteak beste.
Aitor Garagarza alkateak azpimarratu du HAPOa "hirigintza baino askoz gehiago" dela: "Herri gisa dugun ikuspegia eta misioa da". Haren esanetan, planak ez du "adreilu bakoitza zehaztuko", baina udalerriaren etorkizunerako mapa bat marraztuko du, "bide posibleak eta horizonte bizigarriagoak" jasota. "Hemen marraztuko dugu nola aurre egin bizitegi-krisiari, nola erlazionatu nahi dugun komunitatean, nolakoak izan behar diren gure etxebizitzak, ingurumenarekin zer harreman izan nahi dugun eta zer jarduera ekonomiko sar daitezkeen gure udalerrian", azaldu du.
Prozesua 11 fase teknikotan eta zazpi etapa nagusitan antolatu dute, izapide administratiboak herritarren parte-hartzerako uneakaz lotzeko. Lehen fase honetan, diagnostiko-dokumentua prestatzeaz gain, proiektua eta webgunea aurkeztuko dituzte, eta kolektibo espezifikoakaz lehen topaketak egingo dituzte, haien ikuspegiak azterketan txertatzeko. Aurrerago, planaren aurre-aurrerapena eta aurrerapena landuko dituzte, iradokizunak eta alegazioak jasoko dira, eta hasierako, behin-behineko eta behin betiko onespenetara iristeko urratsak egingo dituzte.
Alkateak herritarrak prozesuan aktiboki parte hartzera animatu ditu, Plentzia "bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko" udalerri irisgarriago, jasangarriago, inklusiboago eta sozialki kohesionatuago bat izan dadin. Garagarzaren hitzetan, prozesua ez da "zailtasun, gatazka eta adostasun zailetatik" salbuetsita egongo, baina "mundu bizigarriago eta bidezkoago batean nahiko genukeen herria marrazteko bidea" izango da.