Hamar egunean hirugarren aldiz atxilotu dute Sopelako ustezko piromanoa

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 11a, 13:17
© SOPELAKO UDALA

Ustez Sopelako edukiontziak erretzen dabilen gizonezkoa atxilotu dute bart herriko udaltzaingoek. Udal iturriek zabaldu dutenez, daborduko kontainer bat sutan zegoen eta bigarrena erretzera ei zihoan gizona. Azken hamar egunean hirutan atxilotu dute Sopelako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak; hamahiru edukiontziri su emateaz batera, hainbat ibilgailu eta etxebizitza kaltetzea leporatzen diote.

Bizilagunen deiek ohartarazi zituzten Sopelako Udaltzaingoa eta Ertzaintza, atzo, 21:30ean; Zabalbide eta Enrique Urrutikoetxea kaleen elkargunean kontainer bat sutan zegoelako. Berehala, kale horretara bertaratu ziren poliziak; su-itzalgailuakaz, ertzainak sua amatatzen zebiltzan bitartean, udaltzainak alboko kaleetan zebiltzan, beste suteren bat zegoen ikuskatzen. Udal-iturriek diotenez, orduantxe harrapatu zuten piromanoa, burua Sugurdialde kaleko edukiontzi hori baten barruan sartuta zeukala, birziklatzeko plastikoei pizgailu bategaz su ematen zebilela. Unean bertan atxilotu zuten.

Urtarrilaren 2an eta 6an ere atxilotu eta epailearen esku utzi zuten gizona, edukiontziak erretzea egotzita. Horrez gainera, azken urte bitan aurrekari ugari dauzka, antzeko delituengatik. Atzo eragindako kalteak 1.452 euroan zenbatu dira; eta 2016 eta 2017 bitartean 35.000 euro dira guztira. Atxilotua Getxoko ertzain-etxera eroan zuten, epailearen esku utzi artean.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun