Bizilagunen deiek ohartarazi zituzten Sopelako Udaltzaingoa eta Ertzaintza, atzo, 21:30ean; Zabalbide eta Enrique Urrutikoetxea kaleen elkargunean kontainer bat sutan zegoelako. Berehala, kale horretara bertaratu ziren poliziak; su-itzalgailuakaz, ertzainak sua amatatzen zebiltzan bitartean, udaltzainak alboko kaleetan zebiltzan, beste suteren bat zegoen ikuskatzen. Udal-iturriek diotenez, orduantxe harrapatu zuten piromanoa, burua Sugurdialde kaleko edukiontzi hori baten barruan sartuta zeukala, birziklatzeko plastikoei pizgailu bategaz su ematen zebilela. Unean bertan atxilotu zuten.
Urtarrilaren 2an eta 6an ere atxilotu eta epailearen esku utzi zuten gizona, edukiontziak erretzea egotzita. Horrez gainera, azken urte bitan aurrekari ugari dauzka, antzeko delituengatik. Atzo eragindako kalteak 1.452 euroan zenbatu dira; eta 2016 eta 2017 bitartean 35.000 euro dira guztira. Atxilotua Getxoko ertzain-etxera eroan zuten, epailearen esku utzi artean.