"Eztabaida politikoa oztopatzea" leporatu diote Sopelako alkateari

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 3a, 11:00

Sopelako alkatearen "jauntxokeriaren eta errespetu faltaren" aurrean, EH Bilduko sei zinegotziek, Orain Sopelako ordezkariak eta adskripzio bako hautetsi Manuela Ruizek jakinarazpen bateratua izenpetu dute. Euren ustez, "gertatzen ari dena oso larria da". Diotenez, "alkatea behin eta berriz baliatzen ari da txosten juridikoez, udal-batzarretan eztabaida politikoa oztopatzeko".

Udal-batzarrerako aurkeztutako mozioak "zentsuratu" izana leporatu zion Sopelako EH Bilduk Gontzal Hermosilla alkateari. Daborduko, martitzeneko osoko bilkuran, koalizio ezkerzaleko ordezkariak "gezurtitzat" jo zituen udal agintariak, EH Bilduko iturriek adierazi dutenez. Horren aurrean, EH Bilduko eta Orain Sopelako ordezkariek udal-batzar aretoa utzi zuten, Manuela Ruiz talderik gabeko zinegotziagaz eta hurbildutako herritarren zati handi bategaz batera.

"Sopelarentzat garrantzitsuak diren gaiak plenoetan eztabaidatzeko borondate politiko falta nabaria dago", EH Bilduko sei zinegotzien, Orain Sopelako ordezkariaren eta adskripzio bariko hautetsi Manuela Ruizen ustez. "Eta honako jarrera hori ez da zerbait berria egungo udal-gobernuaren jardunean; izan ere, oposizioaren hainbat proposamen atzera bota dira egungo legegintzaldian", salatu dutenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun