Udal-batzarrerako aurkeztutako mozioak "zentsuratu" izana leporatu zion Sopelako EH Bilduk Gontzal Hermosilla alkateari. Daborduko, martitzeneko osoko bilkuran, koalizio ezkerzaleko ordezkariak "gezurtitzat" jo zituen udal agintariak, EH Bilduko iturriek adierazi dutenez. Horren aurrean, EH Bilduko eta Orain Sopelako ordezkariek udal-batzar aretoa utzi zuten, Manuela Ruiz talderik gabeko zinegotziagaz eta hurbildutako herritarren zati handi bategaz batera.
"Sopelarentzat garrantzitsuak diren gaiak plenoetan eztabaidatzeko borondate politiko falta nabaria dago", EH Bilduko sei zinegotzien, Orain Sopelako ordezkariaren eta adskripzio bariko hautetsi Manuela Ruizen ustez. "Eta honako jarrera hori ez da zerbait berria egungo udal-gobernuaren jardunean; izan ere, oposizioaren hainbat proposamen atzera bota dira egungo legegintzaldian", salatu dutenez.