Zein da Plaza Beltza kultur elkartearen abiapuntua?
Sopelan, Ganebarri gaztetxea hutsarazi zuen poliziak, 2006an; hori inflexio-puntu bat izan zen bertan zebilen jendearentzat. Gazte-asanblada, gaztetxe eta okupazio-mugimenduaren balioa eta zilegitasuna zalantzan ipini barik, lokala alokatzea erabaki genuen batzuok. Gune iraunkor bat behar genuen. Hala, liburutegi politiko eta soziala zabaldu genuen, 2009an; bertan, berbaldiak, liburuen aurkezpenak eta bestelakoak egin genituen, 2013ra arte.
Zeintzuk dira elkartearen helburuak?
Elkartea sortu genuenean, apurtxo bat despolitizatuta nabaritzen genuen jendea; hori dela eta, formakuntza-gunea sortu gura genuen.
Proiektu berri bati bultzada eman gura diozuela aipatu duzue. Zelan?
Aurreko lokala liburutegi soila baino ez zen. Plaza Beltzak beti uste izan du bere egoitzak kolektibo eta lagun ezberdinek erabiltzeko gunea izan behar duela; liburutegiak ez zuen horretarako aukerarik ematen. Aurreko egoitza itxi genuenean egindako irakurketatik ondorioztatu zen bestelako lokal bat behar genuela. Kulturaren esparru berrietara heltzeko aukera ematen digu egoitza berriak. Berbarako, gurean jo gura duten musika-taldeek gure helbide elektronikora idaztea edo kulturgunera etortzea baino ez daukate.
Zein da zuen ordutegia?
Eguaztenetan eta eguenetan, 15:00etatik 22:00etara zabaltzen dugu; barikuetan, ostera, goizaldeko 03:00ak arte egoten gara; zapatuetan ere ordu horretan ixten dugu, baina 18:00etan zabaltzen dugu; azkenik, domeketan, 18:00etatik 22:00etara aurkituko gaituzue lokalean.
Zelako harrera eduki dute orain arte antolatutako ekitaldiek?
Jende asko hurbildu zen apirilaren 31ko inaugurazio-ekitaldira. Egindako berbaldietan eta kontzertuetan ere lagun asko egon dira.
Ekainera begira, zer daukazue esku artean? Zer antolatuko duzue?
Besteak beste, hiru berbaldi egongo dira: bata, Kurdistani buruzkoa; beste batean, euskararen irakaskuntzan ematen den politizazioa jorratuko dugu; azkenengoan, etxeko andreei buruz berba egingo dugu. Hainbat kontzertu ere prest dauzkagu.
Zelan lagun daiteke Plaza Beltzan?
Pertsona guztiei zabalik dagoen talde eragilea daukagu; astelehenero batzen gara, 16:30ean. Hala ere, lan hori beregain hartu ezin duenak beste egiteko batzuk aukeran dauzka: berbaldiak eta kontzertuak lotzea, bultzada ekonomikoa ematea bazkidetza eginez... Baina, gehien eskertzen duguna tabernako asteburuko txandak egitea da. Izan ere, astean zehar ez dago arazorik; taberna kudeatzeko, lanegunetan liberatu bat hartzea erabaki genuelako.