Sopelako Herriko Etxearen kontrako "eraso kanpainaren" aurrean, "gaitzespenik irmoena" adierazi du Bizkaiko PSE-EEko exekutibak; diotenez, "azken hamar egunetan hiru aldiz" egin dituzte "pintada iraingarriak". Euren berbetan, "bandalismoa bakarrik erabiltzen dakiten horiek dira pintaketen egileak; intolerante batzuk baino ez dira".
Jazoera horien aurrean, "euren irainek eta mehatxuek" ez dituztela "izutuko" adierazi du Bizkaiko PSE-EEren idazkari nagusia den Mikel Torresek: "haiei gustatu ala ez, sozialistok Sopelan eta gainontzeko herrietan egoten jarraituko dugu, demokrazia, askatasuna era errespetua defendatzeko".
Gaineratu duenez, "indarkeriazale hauek ez dakite 'errespetu' hitzaren esanahia; gure Herriko Etxeen hormak eta pertsianak zikintzea ez doa inora, iraganean kateatuta gelditu direla baino ez du adierazten".
Sopelako Bozeramaileen Batzordeak hurrengo hauek adostu ditu:
- Behin eta berriz ematen ari diren gertaera hauek, egileen izaera totalitario eta antidemokratikoaren adierazgarri dira.
- Koldarki egindako eta mehatxatzaileak eta iraingarriak diren indarkeria-ekintza onartezinak dira.
- Mota hauetako ekintzek, ezmoralak eta ilegalak direnak, ez dute inolako justifikaziorik eta ez dute inoiz Sopelako herritarrak ordezkatzen dituzten indarretan babesik aurkituko.
- Sopelako Udalak, onartezinak diren ekintza hauek gertatu arren, bere horretan jarraitu eta bere esku dagoen guztia egingo du herritar guztien eta alderdi politiko desberdinen askatasuna bermatzen eta babesten jarraitzeko eta segurtasunean eskumena duten bestelako instituzioei ere jarrera bera izateko deia egiten die.
- Sopelako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, beste behin, bere elkartasuna erakutsi dio Alderdi Sozialistari eta beraien disposiziora dagoela adierazi dio, bere eskubide politikoak askatasun osoz egikaritu ahal izateko.