2017ko aurrekontuen bozketan abstenitu egin zen EH Bildu, horien onarpena ahalbideratuz. Abstentzio horren truke, Sopelako udal-aurrekontuetan ezkertiarrek 13 proposamen zehatz txertatu ziren. Sopelako alkatea den Gontzal Hermosillaren (EAJ) berbetan, "une honetan, 2017ko ekitaldia amaitzear dela, adostutako 13 klausulak gauzatuta daude edota egikaritze prozesuan aurkitzen dira. Gure hitza bete dugu; akordioko puntu guztiak martxan dira". Udal-agintariak gaineratu duenez, "aipatutako akordioak, proiektu desberdinak eta 2017ko udal-kontuetan zehazturiko inbertsio-programak garatzea erraztu du; guztira, 13,5 milioi euro. Udal kudeaketari egonkortasuna emateko balio izan du itunak, tokiko ekonomia dinamizatzen eta Sopelako auzokideen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen jarraitzeko".
EH Bilduren iritziz, baina, "bidegorria, Urkoko aisialdirako instalazioen hobekuntza eta umeen jolastokietan egindako zenbait moldaketa izan ezik, proposamen gehienei oraindik ere ez zaie seriotasunez heldu". Ezkertiarren ustez, "proposamen batzuen garapenean ez dira epeak betetzen ari, atzerapena nabaria da. Beste proposamen batzuetan oraindik ez da ezer egin".
Bitartean, alkate sopeloztarrak Gobernu Taldearen kudeaketak ezaugarri dituen "seriotasun, leialtasun eta konpromiso eta erantzukizun-instituzionala" eskatu ditu. Halaber, Hermosillak nabarmendutakoaren arabera, "Gobernua hasia da Udaleko talde politiko guztiakaz bernetan, Gobernu Taldeak (EAJ eta PSE-EE) 2018rako egin duen aurrekontuen proiektua hobetu dezaketen proposamen berriak sartzeko".
Zentzu honetan, talde politiko desberdinei "elkarrizketa eraikitzailea sustatzea" eskatu die alkateak, "ekarpen berriekin kontuak aberastu eta zehaztu ahal izateko". "Sopela guztion artean egiten dugu, baterako proiektu bat da eta ideia horrekin eta jarrera ireki batekin datorren urterako aurrekontuak adostu nahi ditugu", adierazi du agintari sopeloztarrak.
Urdulizko ospitaleko errepidea
SUSAN elkartea ez dago batere ados, aurrekontu-akordioari buruz, Sopelako Udal Gobernuak egindako balorazio positiboaz. Auzokideek gogoratu dutenez, jasotako 13 proposamen zehatz horien artean ondokoa aipatzen zen: "Trafiko-arazoak zuzentzeko ekimenak (Urdulizko ospitalearen eta Berangoko merkatal-zentroaren irekieraren aurrean), alternatiben eztabaida publikoa bermatzeko prozesu parte-hartzaile bat abian jarriz". SUSANen arabera, ordea, "ez da alternatibarik planteatu. Are gehiago, aurreko Gobernu Taldeak (EH Bildu) planteatutakoak mespretxatu dituzte"; izan ere, aurreko agintaldian, alkatetzara iritsi zenean, EH Bilduk proiektua geldiarazi zuen, "errepide horren bitartez, trafikoa asko handituko zelako udalerri osoan". EAJk berreskuratu egin zuen, aginte-makila berriro hartzean. Bestalde, Olabiden aurreikusitako hobekuntzak "bertan behera gelditzeko bidean" omen daude.