Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, kargu hartu zion Sopelako Udalari, joan den urtarrilaren 11n, Olabide-Osteiko bidearen gaineko prozesu parte-hartzailean urratu zuelako Datuak Babesteko Lege Organikoaren 5. artikulua. Erakunde autonomikoaren arabera, "herritarrak aurretik informatu beharra zegoen modu garbian, zehatzean eta zalantza bakoan", jakin zezaten datu pertsonalen fitxategi bat sortuko zela, zein izango zen fitxategiaren helburua eta zeinek erabiliko zituen datuak.
Modu berean, erakundeak frogatutzat jo du Sopelako Udalak ez ziela euren eskubideez informazioa eman auzotarrei, alegia, datuak ikusi, aldatu, ezabatu eta ukatzeko eskubideak, besteak beste. Erresoluzioan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ohartarazi du Sopelako Udalak urratu duela Datuak Babesteko Lege Organikoa, eskatu dio "etorkizunean prozedura honetan aipatutako moduko egoerak ez errepikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea" eta erresoluzioaren berri eman die Udalari eta lege-urratzea salatu zuen eragileari, alegia, Uribe Ospitalea Plataformari.
Gontzal Hermosillak jakinarazi duenez, Sopelako Udalak ez du errekurrituko irizpen hori, "ez dagoelako ezer alegatzeko. Arrazoia daukate puntu horretan eta beraz ez dugu ezer alegatuko. Akats bat egon da, eta bermatuko da akats hori hurrengo prozesuetan berriro ez errepikatzea. Hortaz, ez da alegaziorik egingo, ados gaudelako", azaldu duenez: "instituzio horretako teknikariakaz berba egin dugu, ikusteko zer egin zen txarto eta aurrerantzean zer konpondu behar den". Guillermo Vio EH Bilduko zinegotziak galdetuta egin zituen adierazpenak Hermosillak.
Olabide-Osteiko bidearen gaineko prozesu parte-hartzailea joan den ekainean egin zuen Udalak, aurreko hilabetean argitaratutako inkesta baten gainean. Galdeketaren arabera, bidea eraikitzeko beharrizana 10etik 7,87koa dela esan zuten sopeloztarrek. Uribe Ospitalea herri-plataformak "azpijokotzat" jo zuen Udalak telefonoz egindako inkesta hura; "Urdulizera doan bide berria egitea justifikatu gura du Udalak, galdera nahasiak eta alderdikoiak eginez", salatu zuen. Hala, prozesu parte-hartzailea eztabaida horren erdian kokatu zen.