Maddi Torre Larrañaga atzelari sopeloztarrak joan den zapatuan sinatu zuen kontratua Realagaz. Jokalariak klub txuri-urdinagaz adostu du 2019ko ekainaren 30era arte bertan jokatzea.
Torre Donostian jaio zen orain dela 22 urte; bere lekua futbol-zelaian defentsaren erdian dago. Athletic eta Bizkerre taldeen jokalari ohiak Espainiara jauzia eman zuen, lehenengo Badajozko Santa Teresara eta ondoren Real Betisegaz. Aurreko astean jakinarazi zuten jokalariak eta Sevillako klubak kontratua bertan behera utziko zutela. Talde txuri-urdinak uste du Torrek "bere ibilbide profesionalean hazten jarraitu" eta "defentsaren erdialdea sendotuko" duela Donostian.
Realak aurten dituen beste jokalari berriak ere Zubietan izan ziren, lehenengo saio fisikoan: Oihana Aldai, Marta Cardona eta Sara Olaizola fitxajeak, Añorgako Ceci Marcos eta filialeko Erkuden Lasa, Ane Campos, Saioa Martinez de Olkoz eta Elene Lete. Bestalde, Nerea Eizagirre eta Kiana Palacios beranduago itzuliko dira taldera. Gonzalo Arconada entrenatzaileak "lehiakorrak izan eta talde handi bat egitea" espero du denboraldi honetan.
Horretarako, talde txuri-urdinak UD Granadillaren aurka jokatuko du bere lehenengo partidu ofiziala, etxetik kanpo, Tenerifen, irailaren 9ko aste-akabuan. Maddi Torrek aukera izango du taldekide ohien aurka hainbatetan jolasteko. Hala, Athleticen aurka 5. eta 20. jardunaldietan jokatuko du, euskal derbian. Bestalde, Betisen aurkako neurketak 13. eta 28. denboraldietan izango ditu.