Elkarrizketak

"Emakume surflariek euren gaitasunetan sinesten dute orain"

Ainhoa Bretos 2019ko ots. 1a, 12:22

Surfaren gaineko zinema bultzatzea helburu, Sopela Surf Film Festival ekimena laugarrenez antolatu dute TAUI MEDIA SLek eta Sopelako Udalak. Urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra bitartean iraungo du festibalak, eta, aurreko ekitaldietan legez, surf arloko pertsona esanguratsuek berbetan jardungo dute bertan, horien artean Ana Urrutia kazetariak eta surflariak.

Surfean, 11 urte zituela hasi zen Ana Urrutia, Bakioko uretan. Gaur egun 46 ditu, eta ez da arraroa hura olatuak hartzen ikustea, taula gainean jarraitzen baitu kazetariak. Sopela Surf Film Festival ekimena dela eta, "Ahalduntzearen esnatzea. XXI. mendeko emakume surflarien esentzia" izeneko berbaldia eskainiko du otsailaren 2an, zapatuan, Kurtzio kultur etxean (Sopela).

Lehenengo eta behin, zer da "ahalduntzearen esnatzea"?

Ahalduntzearen esnatzearen gainean dihardugunean, boterearen ahalduntzeari egiten diogu erreferentzia, modu orokorrean ulertuta. Alde batetik, emakumeok dugun barne boterea dago. Kanpotik aldaketa bat egin ahal izateko, lehenengo eta behin, norberaren barneko botere hori indartu, eta ahalduntzea gauzatu beharra dago. Horrek zera esan nahi du, gure gaitasunetan sinetsi behar dugula.

Azkenengo urteetan, barne-botere horren esnatzearen lekukoak izan gara. Emakume surflariek euren gaitasunetan sinesten dute orain. Zapaltzen gaituen sistema puskatzen asmatu dute azkenean, eta orain badakite, entrenamendu eta lan asko eginda, gauza izugarriak egitera hel daitezkeela. Barne-ahalduntze horren eraginez, inguruan dutena esnarazten ere hasi dira: babesle-laguntzaileak, komunikabideak, teknikariak... Surfaren mundu osoa, azken batean.

Esango zenuke surf-giroa isiotu dela emakumeen artean?

Bai, zalantza barik. Gero eta emakume gehiago dago uretan; dena den, pauso batzuk ematea falta da oraindino, adinari dagokionez, batez ere. Gaur egun neska gazte askok izena ematen dute surf-ikastaroetan, baina gehienek 15 edo 16 urte inguru dituztenean utzi egiten dute. Hor hutsune bat dago, eta betetzea lortu behar dugu.

Eta hutsune hori betetzeko zer egin beharko litzateke?

Esango nuke erreferenteak izatea oso garrantzitsuak direla. Gizarteak horrela funtzionatzen ei du askotan; erreferente, idolo edo bidea erakusten digun norbaiti jarraika ibiltzen gara. Ostera, ikastaroetan dabiltzan neskek ez dute emakume surflarien elkarrizketarik, albisterik edo erreportajerik ikusten komunikabideetan edo sare sozialetan, ez daukate erreferentetzat emakume surflaririk.

Horrez gainera, klubek egiten duten lana ere oso garrantzitsua da. Bakioko surf-taldean adibidez, taldea osatzen ahalegintzen gabiltza neskarik gaztetxoenakaz. Euren bidea egiten lagundu gura ditugu, gizonek dituzten aukera eta baldintza berberak izan ditzaten.

Aukerak eta baldintzak aipatu dituzu. Zentzu horretan, alde handia dago gizonen eta emakumeen artean, adibidez, diruari dagokionez, orain dela urte batzuk munduko txapeldun izan ziren emakumeek euren sariak saltzen zituzten txapelketetan ostatuak ordaindu ahal izateko. Gaur egungo soldatak parekideak dira?

Munduko Surf Ligak (WSL, ingelesez) emakumeen zein gizonen sarien diru-kopurua berdindu du. Horretan erreferente izan da hainbat instituziorentzat, baina, oraindino ere badira bestelako kasuak, 2018an Laredoko surf-txapelketa batean gertatu zena, berbarako. Gizonek irabaz zezaketen diru-kopurua emakumeena baino lau aldiz handiagoa zen. Horrek polemika izugarria eragin zuen sare sozialetan, eta, azkenean, sariak berdindu zituzten. Dena den, emakumeok baldintza oso txarretan lehiatu izan gara urte luzez, eta ez bakarrik soldatak parekatuta ez zeudelako. Nik txapelketetan parte hartu izan dut; mareak direla eta, itsasoaren baldintzak unerik txarrenean zeudenean, orduantxe heltzen zen gure txanda... Askotan, epaileen bazkalordua zen une berean, gainera.

Izugarri sufritu dugu desberdintasun hori. Apurka-apurka lanean dihardugu emakumeen surfari merezi duen garrantzia eta protagonismoa emateko, eta oso tristea da ezer ulertzen ez duen jendearen komentarioak irakurtzea surflarien Interneteko plataformetan. Etengabe tiraka jardun behar dugu, ez dute gure borroka feminista ulertzen. Feminismoa zer den ere ez dute ulertzen.

Babesari dagokionez, babesle-laguntzaileak lortzea erraza da surflari emakumeentzat?

Aldaketa txiki batzuk nabaritu ditugu sponsor edo babesleen kasuan, baina oraindino egiteko asko gelditzen zaigu. Izan ere, hainbat kasutan, zoritxarrez, askoz errazagoa da babesle bat aurkitzea edertasun-kanon jakin batzuk betetzen badituzu. Horrelakoetan, sponsorrak arreta surflariaren itxuran ipintzen du, eta ez surfean egiteko daukan moduan. Hala, bideoak editatzean, surflariaren gorputza askoz gehiago erakusten du, hartu dituen olatuak baino.

Profesional-mailan egon dira horrelako kasuak, Silvana Lima brasildarra adibidez. Zortzi bider izan da Brasilgo txapeldun, eta birritan munduko txapeldunorde. Nahiz eta bere surfa izugarria izan, ez zuen babeslerik lortzen, eskatzen dituzten estereotipo horietatik kanpo dagoelako.

Eta materialaren kasuan? Berdin prestatuta dago?

Guk materialean ez dugu bereizketarik egiten, markek ematen diote generoa. Orain dela gutxi modan jarri den surf jantzi bat merkaturatu dute. Ez dauka hankarik, kuleroen forma dauka, kulero txiki-txikien forma, hau da, ipurdi gehiena bistan geratzen da.

Arropa hori zeroaten emakumeek, olatu bat hartzen zuten bakoitzean, neoprenoa birkokatzeko keinua egiten zutela ikusi izan dugu 2018ko txapelketetan. Guztiz kontzentratuta egon behar zuten une horretan, baina euren energia ez zegoen olatuetara bideratuta, jantzira baino.

Horrek nahiko argi erakutsi du, beste behin, zein den jantzi horien eta horrelakoak egiten ibiltzen direnen helburua, ez? Zertarako egin dute, surflariok erosoago egoteko, ala surflariok gure ipurdia erakusteko?

Dena den, emakume surflarien errealitatea asko aldatu da azken urteotan.

Izugarri. Urrats erraldoiak eman ditu surfak azken urteotan. Ni 1983an hasi nintzen. Bost neba nagusi ditut, eurek olatuak hartzen zituzten eta nik dena imitatzen nienez, surfean hasi nintzen. Garai horretan ez zegoen ia-ia emakumerik uretan, oso gutxi ginen, eta gehien-gehienak surflarien arrebak izaten ginen.

Bizi izan dugun errealitateagatik, itsasoan ahizpatasuna izan da nagusi. Emakume bi baino ez ginen egoten surfean 40 gizonen artean, gutxiengoa izan gara beti. Hori dela eta, esan daiteke babestu eta lagundu egin diogula elkarri. Txapelketaren kasuan ezberdina da, noski. Azken batean, lehiaketa lehia da. Baina hortik kanpo talde polita osatu dugu beti. Esango nuke kirol hau ulertzeko beste modu bat daukagula, eta olatu bat hartu ahal izateko borroka ere. Gurea beste errealitate bat da, eta hori nabaritu egiten da uretan.

Zelakoak dira gaur egungo emakume surflariak?

Zein da, zure ustez, XXI.mendeko emakume surflarien esentzia? Gaur egungo emakumeen esentzia lehenago aipatu dudan ahalduntze horretatik sortu dela esango nuke. Oso borrokalariak dira, eta ondo baino hobeto erakutsi dute entrenamendu eta prestakuntza fisiko egoki bategaz munduko olaturik handienak hartzera hel daitezkeela. Guretzat orain dela urte batzuk guztiz pentsaezina zen emakumeak XXL zirkuituan lehiatzea.

Beste kontu bat, oso garrantzitsua, kategoriena da. Txapelketetan hainbat kategoria dago parte-hartzaileak sailkatzeko, besteak beste: 14 urtetik beherakoak, 17 urtetik beherakoak, eta emakumeak. Uste dut hori gainditu behar dugun gauza bat dela. Surfa gizonezkoena izan da beti, eurena eta eurentzat, eta gu, emakumezkook, izan gara gainontzekoa. "Gainontzeko" horren kontra borrokatzea da gaur egungo emakume surflarien esentzia, nire iritziz. Daborduko ez gara kategoria bat, ez gara gainontzekoa. Daborduko surfa ez da gizonezkoena.

Zer izan da beharrezkoa emakumeak puntu honetara heltzeko?

Tira, esango nuke oraindino bide luze-luzea dugula aurretik. Baina orain gauden puntura heltzeko ezinbestekoa izan da, batez ere, kapazak garela sinestea. Emakumeoi txikitatik kontatzen digute ez garela gai hainbat gauza egiteko, baina izan bagara. Oso garrantzitsua izan da, era berean, zalantzan ipintzea eta aldatzen hastea orain arte naturaltzat hartu izan ditugun egoera batzuk. Ni gazteagoa nintzenean, ez zitzaigun bururatzen zenbait gauzaren aurrean protesta egitea, eta orain aldiz bai, orain bidezkoa ez den zerbait ikusten badugu, kexatu egiten gara.

Azkenean, gu beste errealitate bat gara, gure surfa ezberdina da. Baina gizonezkoen eskubide, aukera, babes, laguntza, arreta eta estaldura berdina gura dugu, guk merezi dugulako, eta gure surfak merezi duelako.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun