Hiru ideia nagusiren inguruan ardaztu zuen Del Burgok bere diskurtsoa, Udaletxe aurrean emandako berbaldian. Batetik, udal-politika egiteko bestelako modua aldarrikatu zuen, "herria eraldatzeko" asmoa duena: "Ez gaitu bizitza instituzionalak jango". Ildo horretan, pertsonen parte-hartzea bultzatzeko asmoa agertu zuen EH Bilduren zerrendaburuak.
Proiektu berritzaileak dituztela adierazi zuen Del Burgok, "eguneratuak , baina ez berriak". Izan ere, koalizioa alkatetzan egon zen sasoian (2011-2015) irudikatutako proiektuak direla esan zuen, "urteetan garatutakoak eta estrategikoak". Atzoko ekitaldian zehazki aipatu ez bazituzten ere, EH Bilduren programak hainbat proposamen jasotzen ditu irisgarritasunaren eta trafikoaren antolamenduaren alorrean. Azpimarratzekoa da erdigunean oinezkoei lehentasun emateko asmoa, gehienezko abiadura motelduta. Bestalde, parte-hartzezko prozesu bat ipini gura dute martxan, herriko saihesbidea egiteko alternatiben artean herritarrek bat aukeratu dezaten.
Ikastetxeen arazoari dagokionez, Iberre institutua handitzea eta Loroño aldean eskola berria eraikitzea proposatzen du EH Bilduk. Bestetik, babes ofizialeko etxebizitzak egitea eta alokairua diruz laguntzeko deialdia handitzea ere jaso dute euren programan. "Ez dugu onartzen EAJk garatu duen herri-eredua", esan zuen Unai del Burgok atzoko ekitaldian, "ez etxebizitzaren alorrean, ez eremu naturalen babesari dagokionean, ez beste eremu batzuetan; udaletxea guztiz geldirik egion da, ez dute ezer egin".
"EAJk bere buruaren alternatiba modura agertu gura du orain"
Izan ere, jeltzaleei egindako kritikak izan ziren diskurtsoaren bigarren ardatza: "Gurago genuke EAJz ahaztu eta geure proposameni arreta eman, baina ohartarazi egin behar dugu Sopelan egiten dabiltzan biraketaz: gaur egungo gobernu-taldearen oposizio modura aurkezten dute euren burua orain, euren buruaren alternatiba modura, eta ez da bidezkoa berria bailitzan aurkeztea Soepla osoak lehendik ondo ezagun duena".
Azkenik, alderdikeria bazterrean utzi eta akordioak egiteko borondatea agertu zuen Unai del Burgok, "beti ere herria hobetzeko badira".