Udal-hauteskundeak 2019

Denok Bateraren baiezkoa falta zaie EH Bildu eta Elkarrekin Podemosi hiruko gobernua osatzeko

Unai Brea 2019ko eka. 14a, 11:06

Gobernatzeko akordioa sinatu zuten Sopelako EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek atzoko arrastian, Sopelak bultzada berri bat behar du goiburupean. Bien indarra batzea ez da nahikoa, ordea, alkatetza eskuratzeko. Hala, Denok Baterari eskaini diote balizko gobernu horren parte izatea. DBk, momentuz, asteon egindako proposamenari eusten dio.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adostutako dokumentuan bederatzi arlori eragingo dieten neurri ugari  aurreikusten dira: hirigintza; mugikortasuna; ingurumena; etxebizitza; ekipamenduak; tokiko garapena; politika soziala; euskara eta kultura; eta udal funtzionamendua. Alkatea Unai del Burgo EH Bilduren zerrendaburua izango litzateke.

Akordioaren testuaren arabera, hiru taldeek (hau da, akordioa sinatu duten biek eta DBk) zinegotzigo bakoitzean garatuko lituzkete ados dauden gai denak, akordio berriak egiteko borondatea izango lukete, eta adostasunik ez luketen gaiak "eztabaida eta parte-hartze publikora" eroango lituzkete. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun