Elkarrizketak

"Udaletxearen osaketak ez gaitu harritu, espero zitekeena da"

Unai Brea 2019ko urr. 16a, 18:50

"Ez da ohikoa baina gobernu-bilkuretan egon gaitezke, ahotsarekin baina botorik gabe, eta horren bidez informazio asko jaso dezakegu, batzordeetan eta osoko bilkuretan jasotzen ez dena". UNAI BREA

Zipiriñe eta Iberreko ikastetxeak, Urdulizko ospitalera joateko bidea, Abaroko etxebizitzak... Kurtso politiko honetan Sopelan izango diren gai garrantzitsuenez eta beste hainbat kontuz jardun dugu Guruzne Carrasson, EH Bilduren liberatutako zinegotziagaz. Sopelan zeregin hori duen lehenengo zinegotzia da, hau da, oposizioan jarduteko egun osoko lanaldi ordaindua duen lehenengoa.

Ingurumen Zientzia ikasketak ditu Guruzne Carrassonek (Sopela, 1991); urriaren 1etik, EH Bilduk Sopelako Udalean duen   langile liberatua da. "Jakin genuen orain urte gutxi legea aldatu eta 10.000 biztanletik gorako udaletan oposizioko alderdirik bozkatuenak aukera zuela liberatu bat izateko jardunaldi osoan", azaldu digu. Udaletxean duen bulegoan egin dugu berba beragaz.

Zeintzuk izango dira Sopelako udal-politikaren gai beroenak agintaldi honetan, edo behintzat kurtso honetan? Eta zeintzuk zuen erronkak?

Gu saiatu egingo gara aurretik, baita alkatetzan geundenean ere, landutako proiektuak aurrera eramaten. Oraintxe pil-pilean dagoen gaia Iberre eta Zipiriñeko ikastetxeena da. Bestalde, Abaro sektorean eraikiko diren etxeen gaia dago, eta horrekin gabiltza asteotan; kontua da ea ze etxe-mota eraikiko den, zer altuerakoak...  520 etxebizitza egin nahi dituzte. Gure ustez , baldintza batzuen barruan zenbat eta etxe gehiago egin, hobe, horrela babes ofizialeko etxe gehiago egingo direlako. Eta Urdulizko ospitalerako errepidearen gaia ere badago. Urko zelaiaren gainetik igaroko errepide garai bat egiteko asmoa dago.

Zipiriñeko eskolaren auzia pil-pilean dagoela diozu. Zein da egoera?

Eusko Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontuetan Iberre handitzea dago baina Zipiriñez ez dute ezer esaten, arazo larriena orain Iberrekoa dela diote, eta Zipiriñekoa aztertzen dabiltzala, demografia daudela aztertzen. Orain barrakoi bi daude Zipiriñen, hor daude musika-gela eta liburutegia, barrutik kendu behar izan zituzten ikasgelak egiteko. Umeak pilatuta daude. 
Eta uste dut beharra mantendu egingo dela etorkizunean, matrikulazio-kopurua ez da jaitsi urte askoan.

Zer proposatzen du EH Bilduk?

Beste eraikin bat egitea aparte, Loroño inguruan. Ikastetxe bera izango litzateke baina egoitza bi edukita. Horren antolaketa (eraikin batean Haur Hezkuntza eta bestean Lehen Hezkuntza egotea, esaterako) Zipiriñek berak erabaki beharko du, bertako zuzendaritzak edo dena delakoak. 

Azkenean oposizioan geratu zineten, gobernua osatzen gogor saiatu arren...

Hauteskundeen emaitza ikusita espero zitekeena da, ez gaitu harritu.

Baina a priori logikoa zirudien ezkerreko gobernu bat osatzen ahalegindu zineten, Elkarrekin Podemos eta Denok Bateragaz.

Gure proposamenaren arabera DBk eginkizunak izango zitue Gobernu Batzordean eta abar; eurek ezetz esan ziguten, independenteak direla eta zutela beste alderdiei lotuta egin nahi. Baina azken batean gobernuan daude orain, EAJrekin eta PSErekin. Honenbestez oposizioa egitea dagokigu, eta gogorra da, gobernuan dauden alderdiek gehiengo absolutua dutelako.

Hala ere, ezustean, gobernu-bilkuretara egon ahal izatea lortu duzue, ez da ohikoa.

Ez da ohikoa eskatzea, eta are gutxiago lortzea. Gobernu-bilkuretan egon gaitezke, ahotsarekin baina botorik gabe, eta horren bidez informazio asko jaso dezakegu, batzordeetan eta osoko bilkuretan jasotzen ez dena. Horrek aukera ematen digu batzordeetara gaiak landuago eramateko, baita informazioa zabaltzeko ere, batzordeak itxiak dira eta. Gainera, gure zinegotzi liberatuak udal-espediente guztiak ikusi ahal izatea ere lortu dugu.

Polemikatxoa egon da zure soldata dela eta...

Bai. EH Bilduk Sopelako alkatetza izan zuenean alkateordeak jasotzen zuen soldata bera da, gaurkotua. [Urtean 45.450 euroko soldata izango du Carrassonek].

Kopuruagatik protesta egin zuen Denok Batera alderdiak.

Bakarra izan zen. DBko zinegotziak aitzakia modura ipini zuen Elkarrekin Podemosek askoz zifra apalagoak proposatu zituela alkatearen eta beste kargu batzuen soldatetarako, eta Elkarrekin Podemosek erantzun zion DBk ez zuela ezer esan soldata horiek onartzeko garaian. Dena dela, esan beharra dago EAJk proposatu zuela guk soldata altuagoa jasotzea, eta ezetz esan genuela, EH Bilduk dituen irizpideekin bat eginez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun