Elkarrizketak

"Bizitza etengabeko erronka bat da"

Iker Rincon Moreno 2020ko urt. 24a, 09:37

© ALVIN BAYONA FUNDAZIOA

Kirolaren sinonimoa da Álvaro Bayona, Alvin lagunentzat; denaren gainetik kirolaria da bera. Surfa eta eskia; olatuak eta elurra. Adrenalina. Elur-jausi bat bere bokaziotik aldentzen saiatu zen orain hamar urte, gurpildun aulki batera kondenatuz. Hala ere, horrek ez zituen bere animoak kikildu eta bizitzari ikuspegi berria eman dio katalanak. Besteak beste, Alvin Bayona Fundazioa sortu du, egokitutako kirolari ahotsa emateko eta behar dutenei laguntzeko.

Paraplegiko utzi zaituen istripua izan zenuen orain dela hamar urte. Zer gertatu zen?

Masellako eski-gunean (Girona) izan zen, 2010ean. 19 urte nituenetik egin izan dut lan bertan, oso ondo ezagutzen dut inguru hori Espainiako Federazioko snowboardeko entrenatzailea eta mendiko gida izan naizelako. Hala, egun batean, pistatik kanpo eskiatzera joan nintzen lagun batzuekin eta garaiko nire bikotekidearekin. Den-dena eskiatzeko ondo zegoela probatu nuen, elurra trinkotuta zegoela ziurtatzeko; hala zirudien, ondo zihoan dena, baina bat-batean mendi osoa mugitzen hasi zen. Ez nuen ezer ulertzen; plaka oso bat moztu egin zen eta elur-jausia hasi zen ni nengoen lekutik eta 30 metroko amildegi batetik bota ninduen.

Mendiko aditua zarenez gero, zelan erreakzionatu zenuen une horretan?

Banekien zer egin behar nuen; besoak astintzen hasi nintzen igeri egiten egongo banintz bezala elurraren gainetik mantentzeko. Une horretan ikusi nuen elur-jausiak nora botako ninduen; hala, zutunik jarri nintzen salto egiteko prest. Izan ere, erortzekotan, nahiago nuen hankekin erortzea horiek apurtzeko, besterik ez. Hala ere, altxatzean taula harri batekin katigatu zen azkenengo momentuan eta buruz behera erori nintzen... Bizkarra apurtu nuen, zati bitan.

Kirola zure pasioa da, baita zure bizimodua ere. Zer sentitu zenuen gurpil-aulkian bizitza osoa emango zenuela jakitean?

Vall d’Hebron ospitalera eraman ninduten eta bertan eman nituen hilabete bi; egun batzuk Zainketa Intentsiboetako Unitatean eta gainontzekoa gelako ohean etzanda. Une horretan hasi nuen errehabilitazioa eta, bitartean, halterak ekartzeko eskatu nion amari, ohean botata nengoen bitartean besoekin ariketa batzuk egin ahal izateko. 50 grapa nituen bizkarrean, baina ez nuenez ez minik ez tentsiorik nabaritzen, entrenatzen hasi nintzen. Gero, gurpil-aulki batera pasa ninduten, eta orduantxe hasi nintzen lasterketak egiten pasabideetatik. Asko aspertzen nintzen ospitalean...

Gerora Guttmann errehabilitazio zentrora bidali ninduten eta bertan eman nituen 6-7 hilabete inguru. Kirol-teknikaria naizenez eta kirola asko gustatzen zaidanez, oso motibatuta egon nintzen bertan, ia egun osoan entrenatzeko aukera genuelako. Hala ere, hasierako ariketak sinpleegiak ziren niretzat eta, pazienteen kopururako fisioterapeuta gutxi dagoenez bertan, erreklutatu egin ninduten ni bezala zegoen jendea laguntzeko. Pertsona berriren bat sartzen zen bakoitzean berarekin jartzen ninduten nolabait laguntzeko. Dokumental bat egin genuen esperientzia horiek denak batzen dituena: Camí a Alaska. Oroitzapen oso onak ditut, igarotako lazeria denaz aparte, oso ondo pasatu nuen bertan.

"Ez da existitzen; segurtasun ezaren sentsazioa da, egoera bat kontrolatzen ez denean ematen dena. Adrenalina horretaz balia gaitezen benetan maite duguna alde batera ez uzteko"

Paraplegiko utzi zintuen; alabaina, istripuak ez du lortu zu geldiaraztea eta kirola egiten jarraitu duzu.

Kostaldekoa naiz ni eta istripua izan aurretik soroslea ere izan naiz. Hala, errehabilitazioa bukatu eta segituan igeri egiten hasi nintzen, hankak olagarro batekin lotuta. Entrenatzen hasi nintzen eta handik eta gutxira Espainiako talde olinpikoan sartzea lortu nuen. Hainbat txapelketa irabazi nituen eta Berlingo Europako Txapelketan bosgarren postua eskuratu nuen. 2012ko Londreseko Joko Olinpikoetan parte hartzeko minimoak egin nituen, baina zoritxarrez lesionatu egin nintzen. Sorbaldak operatu behar nituen, baina dirurik ez nuenez eta nagusiegia nintzenez kirolarien beka jasotzeko, ezin izan nuen egin. Galdu nuen Joko Olinpiko batzuetan parte hartzeko aukera, eta hori oso kolpe handia izan zen niretzat; etsitu nintzen eta psikologoarenera jo behar izan nuen. Hark esan zidan: «Ez egin ezer Espainiako Federazioaren alde; horrek ez dizu ezer ordainduko, beraz, ez astindu gehiago zure burua, eta egizu zure bizitza».

Ordutik igeriketa baztertu duzu?

Bai, igeriketa profesionala alde batean utzi, wake-boarda probatu eta eskiatzen eta surf egiten hasi nintzen berriro ere. Nik benetan nahi nuena egiten hasi nintzen, baina segituan ohartu nintzen espainiar Estatuan ez dagoela ia ezer egokituta guretzat. Ni gai nintzen surf egiteko taula normal batekin, baina wake-boarderako ez zen ezer existitzen. Ur-eskiko aulki arrunt batekin egiten nuen, baina gehiago nahi nuen, horrekin ezinezkoa zelako saltoak egitea.

Eta materialik ez zegoenez, zuk sortu zenuen egokitutako aulki bat, ezta?

Bai, apurka-apurka ikertzen hasi nintzen, ea zer egin nezakeen ikusteko. Egokitutako muturreko kiroletan ez zegoen inolako erreferenterik eta Frantziara joan nintzen 2013an. Han wake-boardean saltoak egiten zuen talde bat zegoen eta nire buruari esan nion: «Hori egin nahi dut!». Prototipoak egiten hasi nintzen eta mota horretako kiroletara egokitutako aulki bat sortu nuen. Espainiar Estatu osotik ibiltzen hasi nintzen prototipo hori erakusteko eta txapelketa batean zutunik zihoan jendearen kontra lehiatu nintzen. Izan ere, garai horretan uretako eskia eserita egiten zuen bakarra nintzen ni Estatuan eta ez nuen norekin desafioa egin, eta berdin segitzen dugu oraindik ere; hala ere, pixkanaka jendea kontu hau ezagutzen hasi da, eta ikusten ari da posible dela mota horretako kirolak jesarrita zaudela egitea.

Egokitutako aulki hori, gainera, bestelako ur kiroletarako baliagarria da baita ere. Bai, Kantabriara joan nintzenean hasi ginen paddle surfera ere egokitzen. Wake-boarderako aulkia hartu eta paddle surfeko taulari lotu nuen zingila batzuekin. Izugarri ondo funtzionatu zuen eta sistema osoa garatzen hasi nintzen ospitaleekin batera errehabilitazioan erabili ahal izateko; mundu mailan pioneroak izan ginen horretan. Ordutik, patentea atera eta aulki horiek fabrikatzen ibili naiz. Nire ideia da Estatuko kostalde osoan egotea aulki horiek gurpildun aulkian doan jendeak aktibitate horretaz gozatzeko aukera izan dezan.

"Muturreko kirolak egiten ditut, baina ez nago zoro. Denetarik puskatu dut istripuaren ondoren, baina kontu handiz egiten dut egiten dudan dena; ziur egon behar dut gauzak egiteko"

Zeintzuk ezaugarri ditu zuk egokitutako aulkiak?

Aurretik beste hainbat egin dira, baina ez dira ondo jartzen eta eskaintzen duten posizioa ez da egokiena paraplegiko batentzat; ondorioz, ez dira muskuluak ondo lantzen. Nireak, aldiz, gerrikotik gora zuzen jartzea ahalbidetzen du arraunean arazo barik egin ahal izateko. Horri esker distantzia luzeko bideak eta txapelketak egin ahal izan ditut paddle surfean; beste sistemekin ezinezkoa litzateke hori.

Surfak ere zeresan handia izan du zure egunerokotasunean azken urteotan. Istripua izan aurretik surfa egiten nuen askotan. Hala, olatu txikiak hartzen hasi nintzen. Jakin banekien arriskutsua dela paraplegikoontzat; hori dela eta, hasieran ez nuen asko promozionatu kirol hori. Baina gerora, apurka-apurka, jendearekin lantzen hasi nintzen, kostaldetik gertuko olatu txikitxoak hartuta, betiere segurtasuna bermatuta eta salbamendu-jaka jantzita.

Aitor Francesena Gallo surflaria ezagutu zenuenean, ordea, jauzi kualitatiboa eman zenuen egokitutako surfaren promozioan. Zer dela eta?

Bai, Gallo erreferente bat da surfean eta bera ezagutzeko aukera izan nuen aurrenekoz 2015ean. Urte horretako egokitutako munduko surf-txapelketan parte hartu nahi nuen, eta Kaliforniakoekin (AEB) jarri nintzen harremanetan. Orduan, Espainiako Federaziokoek deitu zidaten esanez taldetxo bat sortuko zutela horretarako eta bertan surflari itsu bat zegoela: Gallo. Hala, egun horretatik aurrera egokitutako surfaren promozioan ibili gara jo eta ke, baita kite-surfa, windsurfa, wake-boarda eta paddle surfa ere. Horiexek dira jendearekin lantzen ditudan bost kirolak.

Iaz, gainera, nazioarteko lehenengo surf egokitu txapelketa antolatu zenuen Sopelan. Zelakoa izan zen esperientzia?

Aspalditik gogo ikaragarria nuen mota horretako ekimen bat antolatzeko. Hala ere, ni ez naiz inor mundu honetan eta Euskal Herriko surflariak dira «agintzen» dutenak. Urte askoan ibili naiz Sopelan surfa egiten, eta jende asko ezagutzen dut han. Gainera, bertako hondartzak egokitutako surfa egiteko leku paregabeak dira, irisgarritasunagatik batez ere. Hala, surflari-talde bat elkartu eta hori antolatzeari ekin genion. 
Argi genuen nazioartekoa izan behar zuela ekimenak, mailarik altuena izan ahal izateko. Lan ikaragarria egin behar izan genuen den-dena aurrera eraman ahal izateko, baita hainbat ezustekori aurre egin ere. Denera, nazioarteko surflari asko etorri zen eta azkenean esperientzia ikaragarria izan zen.

Aurten berriro egitea aurreikusten duzue?

Ondo legoke berriro egitea, Gallok antzeko zerbait antolatu nahi duelako Zarautzen, eta beste batzuek Biarritzen. Hala, Sopelakoa eginez gero zirkuitu polita izango litzateke. Baina momentuz ez da ezer mugitu. Dirua behar dugu hori dena berriro aurrera eraman ahal izateko, baita lanean hasi ere... Urtarrilaren erdian gaude, eta inork ez badu ezer egin ez dut uste dagoeneko ezer atera ahal izango dugunik aurrera.

 

Zergatik zaude horren tematuta egokitutako kirol horien denen promozioan?

Nigatik eta jendeagatik egiten dut dena. Kirol teknikaria naiz formakuntzaz, eta honek denak aitzakia ematen dit jendea kirolean murgiltzeko eta trebatzeko. Hortik dator Alvin Bayona Fundazioa egitearen ideia, baita kirol hauetan trebatzen jarraitzea ere. Zentzu batean, honi denari esker nire lehengo bizitzarekin jarraitzea ahalbidetzen dit. Oso zorrotza naiz profesionalki eta aurrera egitea gustatzen zait; hala, surfak, eta kirolak orokorrean, modu batean edo bestean, horretan lagundu dit.

Indar handia jarri dugu egokitutako surfaren promozioan. Hasiera batean ni bakarrik nengoen Espainiako txapelketan, Galizian egin zenean. Furgonetan joan nintzen, bakarrik, eta jendeak hareatik arrastaka zihoan pertsona bat ikusi zuten, uretan sartu eta olatuak hartzeko. Gero, Gallo etortzen hasi zen, eta bera oso ezaguna denez gero, egokitutako surfa garrantzia lortzen hasi zen. Ni bakarrik egon izan banintz, ez genuke honetaz hitz egingo, seguruenik. Izan ere, mundu honek kontaktuengatik funtzionatzen du, zoritxarrez. Baina tira, azkenean lortu egin dugu jende gehiago erakartzea eta funtzionatzea, modu txarrean bada ere...

Zein zentzutan?

Nik nahi dudana da egokitutako surfa modu profesionalago batean jorratzea eta surflariak benetako kirolariak izatea. Gauzak halamoduz antolatzen dira, eta ez dira ondo egiten. Nik brontzezko hiru domina lortu ditut eta garaipen horiei esker aurten egingo den munduko txapelketarako sailkatuta egon beharko nuke; hala ere, sailkapena Somon (Kantabria) egin zuten, olaturik gabeko egun batean eta ordu erdiko manga bateko lehiaketa batean, eta horren ondorioz ez dut aukerarik izango. Hori ez da batere profesionala.

Hala ere, nazioarteko beste hainbat txapelketatan parte hartuko duzu.

Bai, nazioarteko hamahiru txapelketa daude munduan eta horietakoren batera joan nahiko nuke. Nik ez dut inolako laguntzarik jasotzen horietan parte hartzeko, ez dut babeslerik. Hori dela eta, fundazioa sortzearen beste arrazoietako bat da bidaia horiek ordaindu ahal izatea. Izan ere, bidaia bat egiten dudan bakoitzean aprobetxatu egiten dut egokitutako taulak eta aulkiak promozionatzeko. Eskaera handia dago munduan, baina ez dut dirurik leku guztietara joateko. Iaz Costa Ricara joateko aukera izan nuen; ea aurten beste lekuren batera joaterik dudan.

Izan ere, zure beste helburuetako bat da egokitutako taulak eta aulkiak garapen bidean dauden herrialdeetara hedatzea. Zelan egingo duzu hori?

Hewlett-Packard (HP) enpresako ingeniari batekin nago harremanetan nire patentea 3D inpresora baten bitartez egin ahal izateko, kostu baxua, zeren orain arte egindakoek kostu handia dute, 1.000 euro ingurukoa, eta ezinezkoa zaie kopuru horri aurre egitea. Modu horretan egitea lortzen dugunean, egindakoak hainbat herrialdetan oparitzea da asmoa. Hasiera batean Afrikako Senegalen eta Marokon uztea aurreikusita dugu.

Beraz, esan genezake harrera oso ona izan duela zure patenteak munduan.

Bai, duda barik. Paddle surfarena egin eta segituan jende asko hasi zen nirekin harremanetan jartzen hura probatzeko. Hala, hori promozionatzeko eta ikusgarritasuna emateko fundazioa sortu nuen. 2015ean Australiara joan nintzen, bertako enpresari batek gonbidatuta, egindakoa herrialde horretako eskoletan promozionatzeko. Hala ere, hainbat arazo burokratiko izan genituen eta ezinezkoa suertatu zitzaigun hori egitea. Costa Rican ere oso interesatuta daude; iaz joan nintzenean ezinezkoa egin zitzaidan aulki bat bertan uztea, ez zegoelako dirurik, baina orain ea 3D inprimatzailearekin egindakoren bat uzteko aukera dugun. Hego Amerika osoan, orokorrean, interes handia dago egokitutako kirola sustatzeko, baita Hawaiin eta Japonian ere.

"Jendeak gu baloratu behar gaitu eta ez gutxietsi. Hemen gaixotzat hartzen gaituzte, eta beste hainbat lekutan, aldiz, super-heroi moduan hartzen gaituzte. Txipa aldatu behar dugu hemen"

Zaila da dibertsitate funtzionala duten pertsonek mota horretako kirolak probatzea?

Bai, gurpildun aulkian egotea zulo batean egotea bezalakoa da; mundua oinez ibiltzeko dago antolatuta, eta gogo handia izan behar duzu mota honetako kirolak egiteko. Surf eta paddle surf egiteko, esate baterako, hareara bota behar duzu zure burua, eta itsasertzera arte arrastaka ibili. Badago laguntzen zaituen jendea, baina bakarrik zoazenean egin beharreko esfortzua ikaragarria da; nire kasuan, hondartzara joaten naizen bakoitzean ordubeteko aurre-prestaketak egin behar ditut.

Pertsona horien artean kirolok sustatzen ditudanean nire helburua da bultzada bat ematea zulo horretatik irteteko aukerak daudela erakusteko. Mota honetako kirolak egitean euren konfort-gunetik ateratzen dituzu, eta hausnarketa-prozesu bat abiarazten diezu: noraino hel naiteke? Besterik gabe, nork bere burua baloratzea da gakoa; bestalde, errehabilitaziorako lagungarriak dira kirolok, baita gizarteratzeko ere.

Erronka askori egin behar izan diozu aurre hamar urteotan. Zein izan da horietan handiena?

Nik pentsio bat kobratzen dut, nahiko baxua, eta ezinezkoa zait etxe baten alokairu bat ordaintzea. Hala, une honetan esango nuke erronkarik handiena dela gurpildun aulki batekin furgoneta batean bizitzea. Neguan mendian nago, elurra aprobetxatuta eskiatzeko; eta uda kostaldean ematen dut, surf egiteko. Bi urte daramatzat horrela eta orain autokarabana bat hartu dut erosotasun handiagoa izateko; ez da asko aldatzen, baina mentalki gehiago deskantsatzen dut. 

Eta kirolari moduan, zeintzuk erronka dituzu gogoan?

Egokitutako Joko Olinpikoetan lehiatu nahiko nuke, surfean. 2012ko Londreseko Joko Olinpikoetan parte hartzeko zorian gelditu nintzen, igerian; gerora, Espainiako eski-taldean nengoela horretarako aukerak izan nituen, baina horiekin ehuneko ehunean konprometitzeko aukerarik ez nuenez, taldetik bota ninduten. Hortaz, 2024ko Pariseko Joko Olinpikoetan Soorts-Hossegorren surfean aritzea izugarria izango litzateke. Aurten Tokioko Joko Olinpikoetan sartuko da surfa lehenengo aldiz; hortaz, hurrengo deialdian agertuko da paralinpikoen kategoria, eta horretan parte hartzea izango da nire erronka. 

Camí a Alaska dokumentala:

Camí a Alaska (Subtítulos Español) from Gerard Molins on Vimeo.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun