Otsailaren 4, 5 eta 6an greba egin ostean, oraindino Serviocioren erantzunaren zain daudela dio ELAk. "Orain dela hilabete batzuk aurkeztu genien eskaera-sorta bat hitzarmena egiteko, eta ez zutenez gugaz berbarik egin gura izan, grebak egin genituen", azaldu dute. Udalagaz ere bildu dira, enpresa negoziatzera bultza dezala eskatzeko, "azken batean zerbitzu publikoa da eta". Hain zuzen ere, martxoaren amaieran amaituko indarrean dagoen lizitazioa, eta hurrengoaren baldintzak kaleratu baino lehen gura lukete hitzarmen berri bat adostu.
"Besteak beste Getxon eta Mungian egin zutenaren bidetik jo dugu gure proposamena egiteko", dio ELAk. Lanordu-kopurua murriztea eta soldatak igotzea dira eskaera nagusietakoak. Zehazki, azken hamabi urteetan soldata-igoerarik ia ez dutela izan salatu du sindikatuak. Gainera, kiroldegian dauden 40 inguru langileetako gehienek lanaldi partziala edo aldizkako kontratu finkoa dutela diote; "udan langabeziara joatera behartzen gaitu horrek". Eskola eta eskola arteko atsedenik ez izateaz ere kexu dira, eta horiek prestatzeko denbora, prebentzio-neurriak eta irakasleen prestakuntza ez direla aintzat hartzen.
Bizkaiko hitzarmena: sindikatuen arteko desadostasunak
Sopelako borrokak bat egin du Bizkaia osoan sektorerako hitzarmena eskatzeko egindakoakaz. Hasiera batean lau sindikatu nagusiek (CCOO, ELA, LAB eta UGT) deituta egin ziren grebak; ondoren, patronalak egindako proposamena aintzat hartzea erabaki zuten ELAk ez beste denek.
Honenbestez, urtarrilerako eta otsailerako egindako lanuzte-deia bertan behera utzi zuten CCOOk, LABek eta UGTk. ELAk, sektorean gehiengoa duen sindikatuak, eutsi egin zion ordea, eta hala, Sopelako kiroldegian greba egin zuten urtarrilaren 21etik 26ra, baita otsailaren 4, 5 eta 6an ere, kasu horretan eskaera bikoitza egiteko: Bizkaiko hitzarmena, eta enpresarekikoa.
Sopelako kiroldegian dabilen ELAren ordezkariak azaldu duenez, euren ustez badaude Bizkaiko hitzarmenak jaso beharko lituzkeen eta patronalaren proposamenak aintzat hartu ez dituen hainbat kontu. Besteak beste, enpresek ez izatea aukerarik hitzarmenetik irteteko hiru hilabeteko diru-galerak aurreikusiz gero (azken lan-erreformak ematen die aukera hori); udal batek azpikontratatutako kirol-zerbitzua berriro bere gain hartu gura izanez gero langileek jarraitu ahal izatea bermatzea; oinarrizko soldata gutxienez 1.200 eurokoa izatea; eta medikura joateko erabilitako orduak ordainduak izatea.