Gainerako taldeek zabaldu duten adierazpenak, berriz, "erabat gaitzesten ditu San Pedroko elizak eta EAJ-PNVren eta PSE-EEren egoitzek sufritu dituzten erasoak". Talde politikoen egoitzen eta eraikin pribatuen kontrako erasoak demokrazian onargarriak ez direla gehitzen dute, "bizikidetza eta normaltasun politikoa lortzeko helburuarekin".
Mota horretako jokabideek gaur egungo gizartean lekuz kanpo daudela dio adierazpenak: "Euskal gizarteak zein sopeloztarrok bizikidetzaren alde egiten ari garen lana oztopatu baino besterik ez dute egiten".