Kaleko salmentaren gaineko kontsulta publikoa ipiniko du martxan Udalak

Unai Brea 2020ko eka. 3a, 12:26
© SOPELAKO UDALA

Bihartik eta ekainaren 24ra arte, Sopelako Udalak herritarren iritziak jasotzeko kontsulta egingo du, kaleko salmenta arautuko duen ordenantzari begira. Udal-gobernuaren asmoa astero barazkiak eta frutak saltzeko merkatu bat antolatzea da.

Herritarrek eta elkarteek euren iritzia helarazi ahal izango dute Udalaren webgunearen bitartez, edo aurrez aurre udalak dituen egoitzetan (Sabino Arana 1 eta Loiola Ander Deuna 28). Zehazki, kontsultaren gaiak honakoak izango dira: asteroko merkatua antolatuz konpondu gura diren arazoak, hala nola merkatarien artekoak, eta salmenta lokal batean egiten dutenen eta merkatu horretan egingo dutenen artekoak; ordenantza onartzeko beharra eta egokitasuna, "salmenta-mota berriak agertzeak denen arteko bizikidetza arautzea eskatzen baitu"; arauaren helburuak; eta bestelako irtenbideak.

Iazko udagoienean pil-pilean egon zen gaia Sopelan, kalean bendeja egitea eragozteagatik hainbat herritar kexatu egin ziren eta. Orduko hartan, Josu Landaluze alkateak azaldu zuen Udala ordenantza bat garatzen hasiko zela, eta testuinguru horretan dator kontsulta hau.

Interesa dutenek informazio gehiago eska dezakete 94 406 55 00 telefonora deituta edo herritarrak@sopela.eus helbidera idatzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun