Elkarrizketak

"Herriko merkatarientzat izugarrizko kolpea litzateke hipermerkatua"

Unai Brea 2020ko uzt. 19a, 22:11

Argazkia: UNAI BREA

Martxoaren 26ko saioan onartu zuen Sopelako Udaleko osoko bilkurak Bareño inguruko lurzati baten eraikigarritasunari buruzko xehetasun-azterketa. Orduko hartan, oposizioko taldeek esan zuten asmoa saltoki handi bat eraikitzea dela, eta aurka agertu ziren, euren ustez horrek herriari egingo liokeen kalteagatik. Hiru hilabete geroago plataforma bat sortu dute hainbat herritarrek eta kolektibok, eremu horretan hipermerkaturik egin ez dadila eskatzeko.

"Sopelako hipermerkatuari ez!" leloa duten kartelak nongura ikus daitezke egunotan herrian, izen bereko plataformak ipinita. "Konfinamenduan geundela jakin genuen udalbatzak onartu zuela Bareñoko lursailerako xehetasun-azterlana", azaldu digu bere izena aipatu ez eta taldearen izenean berba egitea gurago duen taldeko kide batek. "Zalaparta sortu zen sare sozialetan, artean ezin ginen kalera irten, baina ahal bezain laster taldetxo bat sortu genuen, eta erabaki genuen onena herritarrak batzar ireki bat egitera deitzea izango zela".

Uztailaren 5ean egin zuten, 50 lagun inguru bilduta. "Kolektibo batzuek parte hartzea erabaki dute; esaterako, Ukan taldeak  hipermerkatu batek lan-esparruan izango lituzkeen ondorioak aztertu ditu, eta Gunek, berriz, hirigintzari eta kontsumo-ereduari begiratu dio". Sopelako merkatarien elkarteak ez du oraindino plataformagaz bat egin, diotenez, "baina negozio-ugazaba batzuek uztailaren 5eko batzarrean parte hartu zuten, eta ados agertu dira".

Xehetasun-azterketa onartu zen osoko bilkuran, gobernu-taldean dauden alderdiek esan zuten Bareñoko lurzati horretan egongo denak ez duela zertan izan saltoki handi bat, beste negozio-mota bat ere izan daitekeela...

Hori egia da, baina badaude datuak pentsatzeko eurek badakitela hor hipermerkatu bat egingo dela. Orain dela hilabete batzuk, Udalaren eskariz, inguru horretako trafikoan zer-nolako eragina izango zen aurreikusteko azterketa egin zen. Azterketa horretan planoak ikus daitezke eta argi dago hipermerkatu bat egongo dela. Bestalde, lurzati horren sustatzailea Viuda de Sainz enpresa da, Sopelako EAJrekin oso harreman estua duena. Badakite hor zer eraikiko den, baina ez dute esaten, jendea ez aztoratzeko. Aipatu dudan dokumentuan ikus daiteke 3.000 metro koadro daudela, horietatik 1.500 merkataritza-erabileretarako, eta beste 500 biltegietarako eta abar. Lurpean autoetarako aparkalekua egitea dago aurreikusita. Leioan, Avanzada errepidearen ertzean dauden Aldi eta halakoen antzekoa izan daitekeela uste dugu, agian handiagoa.

[Sopelako Hipermerkatu Ez plataformako kideak aipatu duen azterketa hori Ezker Anitzak aipatu zuen apirilaren 3an, sare sozialen bidez; bertan agertzen diren datuetako batzuk Sopelako EH Bilduren webgunean jasota daude].

"Holako saltokiek bizitza kentzen diete herriei, merkatari txikientzat zaila da aurrera egitea"

Zergatik zaudete aurka?

Hainbat arrazoi daude. Lehena, Sopelako merkatarientzat izugarrizko kolpea izango litzatekeela. Uribe Kostan joera hori ikusi dugu dagoeneko, hainbat herritan: Leioan Artea eta beste, Berangoko merkataritza-gunea, Gorlizko hipermerkatua... Bizitza kentzen diete herriei, merkatari txikientzat zaila da aurrera egitea, batzuek itxi egiten dute, besteek langileak kaleratu, beste batzuek ozta-ozta eutsi... Beste arrazoi bat hirigintzaren eremukoa da: halako azpiegitura batek trafikoa handitzea eragingo luke, gaur egun berez trafiko handia jasaten duen errepide batean. 

Horren gaineko daturik baduzue?

Lehen aipatu dudan trafiko-aurreikuspenari buruzko azterketa horrek dioenez, hipermerkatua egingo balitz 12.500 lagun inguru joango lirateke astero, %90 autoz. Horrek esan nahi du astean 5.400 auto gehiago ibiliko liratekeela, gehienbat ostiraletan eta larunbatetan. 

"Lanpostuak sortuko lirateke, baina geure buruei galdetu behar diegu zein modutan sortuko liratekeen: herriko merkatarienak suntsitzearen truke, eta prekaritate-kondizioetan"

Beste arrazoirik?

Bai. Hirigintzaren aldetik, errepide horrek [Barrikatik Berangora doan errepide nagusia] dagoeneko bitan zatitzen du Sopela, eta hondartzen aldeko "bigarren herri" horretan, nolabait esateko, ez dago zerbitzurik. Hipermerkatua egiteak eragingo luke alde horretan bizi direnek herrian ez kontsumitzea, eta zatiketa areagotuko litzateke. Bestalde, mota horretako saltokiek ezegonkortasuna dakarte lanaren aldetik; lanpostuak sortuko lirateke, baina geure buruei galdetu behar diegu zein modutan sortuko liratekeen: herriko merkatarienak suntsitzearen truke, eta prekaritate-kondizioetan, lanaldi handiekin, ordu estrak, soldata txikiak... Gainera, halakoei lotutako kontsumo-eredua jasanezina da: kontsumismoa sustatzen da; garraioaren ondoriozko gas-emisioak handitzen dira; saltzen diren produktuak ez dira bertakoak, urrundik ekarritakoak baizik; dena plastikoz inguratuta...

Zer egiteko asmoa duzue?

Momentuz herritarren artean informazioa zabaltzen gabiltza, jendeak ez duelako proiektu honen berri, eta propaganda ipintzen. Geroago mobilizazioak egingo ditugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun