Zergak jaitsita, behera egingo du ere Udalaren diru-bilketak, jakina. Hala eta guzti, zerbitzu publikoen prestazioa babestea datorren ekitaldirako "Udalaren helburu nagusietako bat" izango dela adierazi du alkateak. Zehazki, %20 murriztuko da Udalkutxatik, hau da, Bizkaiko udalerrientzat Aldundiak duen funtsetik jasotzen den dirua.
Horrez gain, pandemiak ezohiko gastu ugari eragin dituela gogorarazi du Udalak: merkatarientzako bonu-kanpainak, herritarrentzako maskarak, Zipiriñen ipinitako karpak... Txanponaren beste aldean daude hainbat kultur ekimen, herriko jaiak barne, bertan behera utzi izanak ekarri duen gastu-murrizketa, besteak beste; baina horren aipamenik ez dute egin udal-iturriek.
Herritarrek ordaindu ohi dituzten zerga nagusi biak izoztuko dira, baina beste batzuetan igoera txikiak izango dira ("doiketak", dio Udalaren prentsa-oharrak), esate baterako gainbalioari dagokionean, gaur egungo zenbatekoa "inguruko beste udalerri batzuenaren azpitik dagoelako" (Erandio, Berango, Leioa, Getxo...).
Kaleko salmenta
Bestalde, kaleko salmenta arautuko duen ordenantzaren hasierako onarpena egin zen osoko bilkuran. "Sortzen ari diren saltzeko modu berriak direla eta, horien arteko bizikidetza erregulatzea ere beharrezkoa da", adierazi du udal-gobernuak. Gogoan izan beharra dago iazko udazkenean kaleko bendeja eragozteagatik kexak aurkeztu zirela Udaletxean, eta ondorioz kaleko salmenta arautzeko prozesua abiarazi zela.