United Caps enpresako langileek akordioa lortu dute greban 65 egun eman ondoren

Erredakzioa 2021ko ots. 2a, 10:00
Sopelako United Caps enpresako langileek 65 egun eman dituzte greban. © SOPELA.NET

ELA sindikatuak akordioa lortu du United Caps enpresaren zuzendaritzagaz. Hala, enpresaren leku-aldatzea bidegabea dela onartu da; ondorioz, langileek ohikoak baino konpentsazio handiagoak jasoko dituzte lekualdaketa edo kaleratze-indemnizazioengatik.

United Caps enpresak plastikozko tapoiak ekoizten ditu Sopelan duen lantegian, baina iazko azaroaren 20an lantegia Llagosterara (Katalunia) mugitzeko asmoa adierazi zuen enpresako zuzendaritzak. Ondorioz, lanpostua galduko zuten 37 langileek greba mugagabea hasi zuten azaroaren 24an.

Orain, 65 egun greban eman ondoren, ELA sindikatuak enpresa-zuzendaritzagaz akordioa lortu du egoitza judizialean. Horren bitartez, lekualdaketa bidegabea dela aitortu dute, eta langileek ohikoak baino kalte-ordain handiagoak jasoko dituzte leku-aldaketa eta kaleratze-bidegabeengatik: batez beste 100 egun lan egindako urte bakoitzeko.

Langileek ELA sindikatuaren babesa lortu zuten enpresak mugitzeko asmoa adierazi zuenean, horien iritziz ez baitzen lekualdaketa bat, "ezkutuko itxiera" baizik. Hori dela eta, bai enpresa-batzordetik, eta baita sindikatutik ere, hainbat proposamen egin dizkiote enpresari leku-aldaketa saihesteko, baina multinazionalak ez ditu onartu.

ELAk euskal erakundeen pasibotasuna ere kritikatu du, eta langileak babesik gabe utzi dituztela leporatu die. Lan-ikuskaritzaren jokabidea ere salatu du sindikatuak; izan ere, grebarako eskubidea urratu dela egiaztatu arren, greba-batzordeak salaketak aurkeztu zituenetik ia bi hilabete igaro ondoren, ez du ebazpenik atera, eta horrek gatazka beharrik gabe luzatzea eragin duela deitoratu du sindikatuak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun