Gurasoen Elkarteak, ikastetxeko zuzendaritzak eta Sopelako alkatetzak Hezkuntza Sailagaz izan duten azken bilerak familien etsipena eragin du; izan ere, Zipiriñeko leku-arazoen konponbidea ez da Hezkuntza Sailaren 2019/2023 Inbertsio Planean sartuko. Hala adierazi zieten martxoaren 22an egin zuten batzarrean. Bertan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak argudiatu zuen Zipiriñek daukan leku-arazoa puntuala dela, eta, datozen urteetan jaiotza-tasa jaitsiko delakoan, hurrengo legealdietara atzeratu du konponbidea. Aldi berean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eraikin bitan banatzea "esperientzia txartzat" ere jo zuten.
Erabaki horrek orain arteko elkar-ulertzea zapuztu duela adierazi dute Gurasoen Elkartetik. Hori dela eta, presioa egiteko bideak berrartuko dituztela jakinarazi dute, eta, iaz egin zuten bezala, kalera ateratzea ez dute baztertzen.
Guruzne Carrasson EH Bilduko zinegotziak azaldu du ez dutela erabakia ulertzen, "leku-arazoen adierazgarri garbia dira klaseak emateko erabiltzen dituzten barrakoiak". Gaineratu du Legebiltzarrera eta Bizkaiko Batzar Nagusietara eramango dutela kasua. Horretaz gainera, koalizio abertzaleko ordezkariek Hezkuntza Saileko arrazoiak gezurtatu dituzte: alde batetik, adierazi dute zentro askotan daudela banatuta Haur eta Lehen Hezkuntza, hori Europan errealitate bat dela; eta, bestetik, jaiotza-tasari dagokionez, Eustatek adierazten duela Sopela EAEko bataz bestekoaren gainetik dagoela. Era berean, udalerria etengabe hazten ari dela arrazoitu dute, beraz, arazoa okertu egingo dela aurreratu dute.
Prozesu parte-hartzailea
Gogoratu beharra dago urtarrilean Zipiriñe ikastetxeko masifikazio-arazoa konpontzeko, gurasoen % 78ak Bareñon eraikin berria egiteko proposamena aukeratu zuela. Asmoa zen adostutako proposamen bategaz joatea Hezkuntza Sailagaz elkartzera, horrek proiektua 2019/2023 legealdiko Inbertsio Planean sar zezan.