Zipiriñe ikastetxeko leku-arazoa konponduko lukeen Loroñoko eraikin berria ez da Hezkuntza Saileko 2019-2023 Inbertsio Planean sartu, baina, beste traba askoren artean, ikasle askok barrakoietan ikasten jarraitzen dute. Egoera berriro azter dezaten eskatzeko, Eskola Kontseilua eta Hezkuntza Saila datorren eguaztenean, maiatzaren 26an, batzartuko dira, beste behin.
Lakuaren ezezkoaren aurrean, gurasoek mobilizazio berriak iragarri zituzten, eta eguazteneko batzarrari begira, barikuan berriro aterako dira kalera. Hala, maiatzaren 21ean, 16:30ean, gurasoek iragarri dute errepidea okupatuko dutela, Zipiriñe eta Sopelako udaletxearen arteko tartean eserialdia eginez. "Ikus dezatela eskola osatzen dugun familia kopuru handia, eta zein den behar dugun espazioa, gaur egun eskolan ez duguna", adierazi dute protesta hori egiteko deialdian.
Udaleko alderdi politikoek, gurasoen elkarteak eta ikastetxeko zuzendaritzak osatzen duten Eskola Kontseilua eta Hezkuntza Saila duela hilabete elkartu ziren azkenengoz. Orduan, Hezkuntza Sailak ikastetxearen hedapena ez zuela 2019-2023 Inbertsio Planean sartuko adierazi zien. Batzar hartan, gurasoek aukeratutako proiektua helarazi zioten Lakuari: Loroñon Haur eta Lehen Hezkuntzako zentro berria eraikitzea. Baina Hezkuntza Sailak ezetza eman zuen leku-arazoa gauza puntuala delakoan, eta, momentuz, hurrengo legealdi batera itxaron beharko dutela.