Arazo tekniko bati esker onartu dute Sopelako kirol-instalazioak 20 urtez kudeatzeko lizitazioa

Ander Zarraga 2021ko mai. 28a, 19:53

Sopelako kiroldegia. © GOOGLE

Sopelako Udaleko kirol-instalazioen kudeaketa 15 gehi 5 urtez azpikontratatzea onartu zuten atzo egindako osoko bilkura telematikoan. Oposizioak gaitzetsi du zinegotzi baten konexio-arazoak baliatu zituztela kiroldegiko kontratuari buruzko bozketaren emaitzak aldatzeko.

Atzo, maiatzaren 27an, Sopelako Udalaren osoko bilkura telematikoa egiten ari zirenean, Elkarrekin Podemoseko zinegotzi baten konexio-arazoak zirela eta, oposizioko taldeek –EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta DBTUk– eskatu zuten prozesua mahai gainean uztea, edo bozketa atzeratzea, eragozpenak konpondu arte. Azaldu dutenez, gobernu-taldeak uko egin zion aukera horri, eta kirol-instalazioak azpikontratatzeko pleguak onartu zituzten, alkatearen kalitatezko botoari esker.

Gogoratu beharra dago EAJ eta PSEk gutxiengoan agintzen dutela Sopelako Udalean, eta, azken hilabeteetan, eztabaida egon dela kirol-instalazioen kudeaketaren inguruan. Otsailean, gobernu-taldeak proposatu zuen 15 gehi 5 urteko luzapena izango zuen lizitazioa egitea, baina oposizioko taldeek proposamena atzera bota zuten. Argudiatu zuten denbora-tarte luzeegia zela, eta kirol-instalazioen udalekotzea edo zuzeneko kudeaketa aztertzearen alde egin zuten.

"Agerian geratu da EAJk ez duela negoziatu nahi izan 20 urterako lizitazio bat eta kirol instalazioetan egindako inbertsioak bezalako gai garrantzitsu bat. Hain zerbitzu garrantzitsua ezin da alkatearen kalitatezko botoarekin onartu, adostasunak askoz handiagoa izan behar du. Azken finean, Sopelako kirol-zerbitzua hipotekatu egin da hurrengo lau legealdietarako", salatu du Guruzne Carrasson EH Bilduko bozeramaileak.

Langileak ERTEn

Bitartean, kirol-instalazioetako 42 langileek lana eteteko aldi baterako espedientean (ERTEn) jarraitzen dute, 2020ko martxotik; beraien egoera salatzeko manifestazioak egin dituzte azken asteetan. Jakinarazi dute enpresa-kudeatzaileak gestionatzen dituen beste kiroldegietan lanean ari direla, beraiek etxean dauden bitartean. "Ez dago jarduerarik enpresak dioelako horrela dirua galduko lukeela, eta ez daudela horretarako prest", nabarmendu du ELA sindikatuko Isabel Garciak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun