Azken asteetan, Patricia de los Angeles Alfonso Sousa, Sopelako Udaleko Elkarrekin Podemoseko zinegotziaren izena denen ahotan dago, Sopelako Udalean ustez egindako jokaldi politikoaren ondorioz. Gaur egingo den osoko bilkuran, besteak beste, zinegotzi horrek ekainaren 18an erregistratu zuen % 60ko liberaziorako proposamena bozkatuko dute; liberazio horregaz, de los Angelesek urtean 28.000 euroko soldata izango luke.
Eder Garciak, de los Angelesegaz batera Elkarrekin Podemoseko beste zinegotziak, adierazi du bera eta bere alderdia taldekidearen proposamenetik erabat deslotu egiten direla, eta adierazi du koalizio moreari "bizkarra emanda hartutako erabaki pertsonala" dela, "justifikazio zein oinarri gabekoa". Aldi berean, azaldu du alderdi barruko ikerketa egiten ari direla gertatutakoa ikertzeko, eta EAJ eta PSEri exijitu diote liberazioa ez dezaten babestu, "bestela, transfugismo kasu baten konplize izango direlako".
Ildo berean, Sopelako EH Bilduk iragarri du azalpenak eskatuko dizkiola gobernu-taldeari (EAJ-PSE), eta baita de los Angelesi ere, osoko bilkuran izandako ustezko konexio-arazoengatik, bilkura hori ez inpugnatzeagatik eta bere liberalizazio proposamenagatik. Horretaz gain, gonbidapena zabaldu diete herritarrei modu telematikoan egingo den gaurko osoko bilkuran parte har dezaten.
Maiatzeko osoko bilkura inpugnatu
Maiatzaren 27an egin zen osoko bilkuran, de los Angelesek ustezko konexio-arazoak izan zituen, eta ezin izan zuen kirol-instalazioen lizitazioa onartzeko bozketan parte hartu ahal izan. Hori baliatuta, eta bozketa geratzeko oposizioaren eskaerei jaramonik egin gabe, Josu Landaluze alkatearen graziako botoari esker aurrera atera zen Sopelako kirol-instalazioak 15 gehi 5 urtez azpikontratatzeko lizitazioa.
Landaluzek egindako adierazpenen arabera, "osoko bilkura 10 edo 15 minutuz gelditu zuten, konexioa berreskuratu ahal zuen itxaroteko". Alkateak Deia egunkariari azaldu dio oposizioko taldeek bilkura bertan behera uzteko eskaera jaso zutela aktan, baina ez zela "eteteko inolako baldintzatik eman, bilkura epearen barruan eta moduan deitu zutelako". Gaineratu duenez, "ez zen asmo txarrik egon, eta legearen barruan jokatu zen".
Horri kontrajarrita, oposizioko talde guztiek –EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta DB-TUk– osoko bilkura inpugnatzeko eskaera egin dute erregistro bidez, argudiatuta, "botoa askatasun osoz emateko eskubidea urratu zela". Eskaera hori oposizioko kide guztiek sinatu dute, de los Angeles bera izan ezik; boto eskubidea urratua zitzaion zinegotzia, hain zuzen ere. Inpugnazio hori aurrera ateratzen den jakiteko hurrengo uztaileko osoko bilkurara itxaron beharko da.