Sopelako gobernu-taldeak Patricia de los Angeles Alfonso Sousa Elkarrekin Podemoseko zinegotzia liberatzea proposatu du, urtean 28.000 euroko soladatagaz. Iragarpenak polemika piztu du, maiatzaren 27an egin zen osoko bilkuran herriko kirol-instalazioen lizitazioa 15 gehi 5 urtez onartzeko ezinbestekoa izan baitzen De los Angelesek botoa ez ematea. Telematikoki egin zen osoko bilkuran, konexio-arazoak argudiatuta ezin izan zuen botoa eman, eta alkatearen graziazko botoari esker oposizioak eta ordezkari sindikalek errefusatzen zuen proposamena aurrera atera zen.
Orain, Sopelako gobernu-taldeak iragarri du hurrengo osoko bilkuran De los Angelesen % 60ko liberazioa egiteko proposamena egingo duela. Aipatu bezala, zinegotziak 14 pagetan banatuta egongo litzatekeen 28.000 euroko soldata izango luke urtean.
Inpugnazioa
Astelehen honetan, ekainaren 21ean, oposizioko taldeek, EH Bilduko 6 zinegotziek, DB-TUko Jon Gerediagak eta Elkarrekin Podemoseko Eder Garciak, erregistro bidez eskatu zuten maiatzaren 27ko osoko bilkuraren erabakia bertan behera geratzea, inpugnazio bidez. Argudiatu dute Sopelako Udal kirol-instalazioetako zerbitzu publikoaren emaitzaren lizitazioari buruzko mozioa bozkatzeko orduan zinegotzi baten boto eskubidea urratua izan zela. Hala ere, nabarmendu dute De los Angeles izan dela inpugnazio hori sinatu ez duen oposizioko zinegotzi bakarra, nahiz eta alkateak bozketagaz jarraitzeko hartutako erabakiak bera zuzenean kaltetu zuen.
Oposizioko alderdiek azaldu dutenez, bideoz lotura honetan ikusi daitekeen moduan, behin eta berriro eskatu zuten osoko bilkuran etenaldi bat egiteko aipatutako zinegotziaren konexio-arazoak konpondu arte. Deitoratu dutenez, "Josu Landaluze alkateak ez zion jaramonik egin oposizioko zinegotzien eskaerari", eta, horrela, 15 gehi 5 urteko Sopelako Udal kirol-instalazioetako lizitazioari buruzko mozioa aurrera atera zen, bere botoari esker.
Gogoratu beharra dago, EAJ eta PSEk gutxiengoagaz agintzen dutela Sopelako Udalean, zortzi zinegotzi baitituzte, oposizioak –EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta BD-TU- dituen bederatzien aurrean; beraz, mozioak aurrera ateratzeko oposizioagaz elkar-ulertzera behartuta dago.
Transfuga: alderdiz aldatzen dena
Momentuz, ez Udalak ezta zinegotziak berak ere ez dute inolako azalpenik eman, baina Podemos Euskadi alderditik beraien kezka adierazi dute zinegotziaren jokabidea dela eta. Azaldu dute susmo txarrak baieztatzen badira, diziplina-prozesua abiatuko dutela, eta balitekeela zinegotzia kaleratua izatea. Horrela izanda, De los Angelesek ez luke zinegotziaren akta galduko.