Joan den uztailaren 22an, Espainiako Poliziak udalerriko lau gazteren etxeak miatu eta horietako hiru atxilo eraman zituen. Sopeloztarrek jakinarazi dutenez, udalerriko joko-aretoen kontrako protesta-ekimenak egiteagatik salatu dituzte, eta polizia-etxean deklaratu behar izan zuten.
Azaldu dutenaren arabera, oraindino ez dago epaiketa-datarik, eta ez dakite zer leporatuko dieten lau sopeloztar horiei. Hala ere, gogoratu dutenez, atxilo eraman ez zuten gaztearen kasuan, Ertzaintzak eginbideak ireki zizkion duela hilabete bat, eta urriaren 25ean epailearen aurrean deklaratzeko hitzordua zuen.
Hori guztia salatzeko, eta egoeraren berri emateko, prentsaurrekoa egin zuten eguenean, uztailaren 28an, Sopelan. Horretan, aipatutako atxiloketak, "joko-aretoen boterea erakusteaz gainera", azken urteetan herri-mugimenduaren kontrako estrategia baten barruan kokatzen direla salatu zuten: "Herriak du dena aldatzeko ahalmena, eta ez dago herri antolatu bat gelditu dezakeenik. Eurek ondo dakite".
Horren aurrean, iragarri zuten ez direla geldituko, eta azpimarratu dute jarraituko dutela "antolatzen, saretzen, konspiratzen eta lortu nahi dugun guztiaren alde borrokatzen".
Era berean, apustu-etxe eta joko-aretoek gizartean eragiten dituzten arazoak azaleratu zituzten, eta azaldu zuten horien kontra borrokan jarraituko dutela: "Hau hasi besterik ez da egin".
HERRI MUGIMENDUA BABESTU!
— ernai sopela (@ernaisopela) July 30, 2021
Babes zabala jaso zuten atzo, pasadan ostegunean atxilotuak izan ziren gazteek.
Argi entzun dezatela, txakurrak eta apustu etxeak gure herrietatik kanpo nahi ditugu!
Haien mehatxu eta atxiloketa guztien gainetik, aurrean izango gaituzte beti! pic.twitter.com/SeDFftcDjj