Uztailean Europako txapela jantzi zenuen. Amets bat bete duzu ala zerbait handiagoa lortzeko beste pauso bat da?
Denboraldiaren helburuetako bat zen, eta bete dugu. Horrekin batera, gure helburua zen Olinpiar Jokoetara joatea; ez dugu lortu, baina beste helburua, Europako txapela, lortu dut behintzat. Hilabete bat soilik pasatu da Jokoetako sailkapena lortu ez nuenetik, eta, orduan, motibazioa nahiko behera joan zitzaidan arren, uste dut titulu hau indargarri baten modukoa izan dela; azken finean, emaitza oso polita da, zailtasun aldetik Europako Txapelketa lortzea ez delako erraza, eta, orain arte, beti bigarren edo hirugarren geratu naizelako. Horrek konfiantza asko eman dit, eta indartuta atera naiz. Uste dut horri esker mundura zabalduko naizela, eta emaitza onak lortzen jarraitzeko motibazioa lortu dudala.
"Indargarri baten modukoa izan da, Europako Txapelketa lortzea ez delako erraza; orain arte, beti bigarren edo hirugarren geratu naiz. Uste dut horri esker mundura zabalduko naizela, eta emaitza onak lortzen jarraitzeko motibazioa lortu dudala"
Orain, Challenge Series lehiaketetan parte hartuko duzu; zein izango da zure hurrengo helburua?
Orain, alderik politena dator: mundura zabaltzea. Aurreko urtean, Sydneyko Challenger-ean hirugarren postua lortu nuenean, oso sasoi onean nengoen. Momentu horretan, pandemia hasi zen, eta etxean gelditu behar izatea oso gogorra izan zen niretzako. Hala ere, 2020an eskuratu nuen emaitza horrek aurtengo sailkapenerako balioko dit, eta, horregatik, uste dut aukera asko ditudala Lehen Mailara heltzeko. Beraz, albiste oso onak etorri dira, eta, orain, dena emateko entrenatzen aritu naiz, irailetik aurrera txapelketan parte hartzen arituko naizelako. Hasteko, Kaliforniara (AEB) joango naiz, Huntington Beach-era, eta hortik Europara bueltatu Hossegor (Frantzia) eta Ribeira d’Ilhas-en (Portugal) beste lehiaketa bi izango ditudalako. Dena ondo badoa, eta sailkapenean goian mantentzen banaiz, Hawaiin amaituko dut urtea.
Egiten dituzuen lehiaketetan ez dituzue beti olatu perfektuak izaten; askotan nahiko pobreak izaten dira. Nola konpontzen zarete baldintza horiekaz lehiatzeko?
Olatuak txikiak direnean ez da batere erraza izaten. Entrenamenduetan ez dago arazorik, baina txapelketa batean ez da justua, manga bakoitzean olatu on bi hartu behar dituzulako, eta beti ez da ondo suertatzen. Adibidez, Pantinen, final-laurdenetan olatu on bat hartu nuen, baina bigarrena falta zitzaidan, eta itsasoa bare-bare geratu zen. Lehiaketaren alde bat da, eta surflari profesionala izan nahi duzula erabakitzen duzunean horrelakoak ere gerta daitezkeela kontutan izan behar duzu. Surfa naturan egiten den kirol bat da, eta ezin duzu erabaki noiz egongo diren metro biko olatuak. Hala ere, orain olatu artifizialak egiten dituzte, baina gure mailan ez dago txapelketarik horrelako instalazioetan. Beraz, ikusleentzako hain ikusgarria izan ez arren, guk % 100a ematen dugu beti.
"Geroz eta maniobra berritzaileagoak egingo direla uste dut, eta surfa oraindik ikusgarriagoa bilakatuko dela esango nuke. Bilakaera izugarria izango da"
Probatu dituzu olatu artifizialak?
Aspaldi probatu nituen, baina ez dut aukera izan berrienetara joateko. Uste dut oso leku ona dela teknika hobetzeko, sinpleagoa delako; itsasoan berdinak diren olatu bi hartzeko hiru edo lau ordu egon behar zara uretan. Beste alde batetik, igerilekuen kontuari esker, geroz eta maniobra berritzaileagoak egingo direla uste dut, surfa oraindik ikusgarriagoa bilakatuko dela esango nuke. Bilakaera izugarria izango da, eta hori ikustea eta horren parte izatea ikaragarria da.
Urte asko daramatzazu maila altuan lehiatzen; zein da gakoa?
Surfean hainbat urtez zerrendaren goiko aldean egotea oso zaila da, eta niretzat Europako Txapelketa sari baten modukoa da. Gainera, amets bat bete ahal izango dut, surflari onenekin arituko naizelako lehiatzen: Carissa Moore, Stephanie Gilmore, Bronte Macaulay, Courtney Conlogue... nire idoloak azken finean. Hemendik aurrera nire aurkariak izango dira, beraz, beste pauso bat da, eta nire burua ere beste leku batean ikusten dut.
Presio asko eragiten du horrek guztiak zuretzako?
Ez horixe! Izatekotan, presio ona. Gogo handiak dauzkat maila horretan lehiatzeko.
Orain dela gutxi muletakaz ikusi zintugun, eta lesio nahiko larriak izan dituzu zure ibilbide profesionalean. Kirolari askorentzako gainbehera horrela dator, baina zuk hor jarraitzen duzu. Zein da sekretua?
Ez da batere erraza izan, baina oso burugogorra naiz, eta nire txikitako ametsa lortu nahi dut; hori eskuratu arte hor arituko naiz. Etxean ere badakite, eta babesten eta laguntzen naute; niretzako hori da garrantzitsuena. Lesio gogorrak izan ditut, asko momentu txarrenetan, baina beti indartsu ateratzea lortu dut, eta egoera horietatik ere asko ikasi ahal izan dut: zer nahi dudan edo zer ez, norekin lan egin nahi dudan... Azken finean, kirolariaren ibilbidearen parte dira. Bestalde, lesionatuta egon naizenean nire berezko izaera galtzen dut nolabait; nire burua surflari bezala ikusten dut, eta, etenaldi horietan, errutina bertan behera geratzen den arren, daukadan jomuga horri eusten diot.
Goi mailako kirolarietan, psikologia ere oso garrantzitsua da. Zure kasuan ere bai?
Bai, hala da. Zortea izan dut, eta hiru urte daramatzat Josean Arruza kirol psikologoarekin lanean. Berarekin, nire kirol ibilbideko emaitzarik onenak lortzeaz gain, izan ditudan lesio gogorrenetatik oso ondo atera naiz. Beraz, konfiantza aldetik beti pertsona onekin egon naiz, eta beti eskaini didate laguntza. Hori eskertzekoa da, alde psikologikoa oso garrantzitsua delako; azken finean maila oso altua dago, eta horregatik alde psikologikoaren eragina oso garrantzitsua da. Hori ondo eramatea abantaila bat da nire ustez. Lehen, telefono mugikorra itzali eta aste bi egoten nintzen komunikaziorik gabe, baina hori kudeatzen ikasi dut.
"Psikologiaren eragina oso garrantzitsua da. Hori ondo eramatea abantaila bat da nire ustez. Lehen, mugikorra itzali eta aste bi egoten nintzen inkomunikatuta"
Surflari profesionalei nola baldintzatzen dizue iragarle bat izateak?
Gure mailan surf-iragarle bat izatea oso zaila da, oro har, enpresek orain ez daukatelako lehen zeukaten ditua. Aritz Aranburu, Hodei Collazo eta Eneko Acero bezalako surflariak gorenean zeudenean diru asko zegoen. Laguntza asko zeukaten, baina nire adineko surflariei gertatu zaiguna da gorenean egon arren ez dugula laguntza hori jaso, krisi ekonomikoan sartu ginelako eta surfeko enpresa askok porrot egin zutelako. Azken finean, txapelketa batera joateko seguruak, bidaiak, taulak, entrenatzaileak... ordaindu behar ditugu, eta askotan ez da erraza izaten. Orain, gure sponsor handienak erakundeak izaten dira, adibidez, Basque Team, Bizkaiko Foru Aldundia... Eta aurten Sopelako Udala ere sartu da. Horiei esker dirua batzen goaz, baina oso zaila da, nahiz eta emaitzak izan. Nik aurten Sooruz enpresa frantziarrarekin ere sinatu dut, baina, oro har, BT eta Sopela dira fidagarrienak nire kasuan. Hala ere, zortea dudala uste dut, azken emaitza honi esker iragarle potoloren bat ere etortzea espero dudalako. Horrela lasaiago sentituko nintzateke, urtea amaitzean txapelketara joatea bermatuta izango nukeelako. Azken finean, ni autonomoa ere banaiz, eta beste pertsona batzuek dituzten gastuak ere ditut. Bestalde, iragarleei ez zaizkie emaitzak hainbeste arduratzen, garrantzia gehiago ematen diote itxura kontuari. Beraz, hor ere eztabaida polita dago, eta, noski, onena biak izatea da: emaitza eta itxura ona.
Nabaritzen duzue aldea Ameriketako Estatu Batuetako edo beste herrialde batzuetako surflariei ematen dieten laguntzaren artean?
Esango nuke arrazakeri pixka bat dagoela gai horretan. Ez da gauza bera frantziarra izatea edo espainiarra edo portugaldarra. Gu azkenak gara beti. Zentzu horretan, portugaldarrek oso ondo egin dute, surfeko enpresa garrantzitsu guztiak hartu dituztelako; aldiz, gu beti gaude Frantziara begira. Ni ere horrelako enpresetan egon naiz, eta emaitza hobeak izan arren frantziarrek beti jasotzen zuten gehiago. Gero, Europatik kanpokoa beste mundu bat da, AEBetako eta Australiako surflariak benetako profesionalak dira. Guk ez daukagu soldatarik, eta gure kirolean hori beharko litzateke, nahiz eta ez dakit nondik atera daitekeen. Azkenean, guk ere gure herria zabaltzen laguntzen dugu, adibidez, nik Sopela marka daramat soinean, eta herriaren irudia ere gara.
Aurten, surfa Olinpiar Jokoetan egon da aurrenekoz; zer ekarriko dio horrek kirolari?
Ikusgarritasuna batez ere. Atleta bezala ikusi gaituzte, eta hori eskertzekoa da, azken finean, guk ere egunero lau orduz entrenatzen garelako gimnasioan; baina hori ez da ikusten. Gainera, surfa askoz ere profesionalagoa bihurtu da. Lehen, Mundakara txapelketak ikustera joaten nintzenean, babesle nagusia garagardo marka bat zen, eta surflariak uretatik ateratzen zirenean hor zeukaten garagardo bat itxaroten. Hori orain ez da horrela; irudi aldetik ere askoz formalagoak izan behar gara.
Oso deigarria da Euskal Herrian, baina batez ere, Sopelan dagoen surflarien maila altua. Zergatik?
Uste dut hori lehiakortasun handia egon delako izan dela. Zarautzen modukoa dela esango nuke: maila oso altuko jendea igaro da hemendik, eta uretan ere lehiakortasun handia dago olatu onak hartzeko. Surfean aritu naizenean beti egon naiz surflari nagusiekin, eta adibideak izatea beti bultzatu nau nire barruko onena ateratzen. Eneko Acero eta Iker Fuentes bezalako surflariak gorenean ikusteak motibatzen zaitu zu ere hor egotera.
Geroz eta jende gehiago ikusten da olatuak hartzen. Uste duzu surfa masifikatzen ari dela?
Baietz uste dut, eta, horregatik, esango nuke geroz eta olatu artifizial gehiago erabiliko direla. Guretzako entrenamendu on bat egitea oso zaila da uretan 100 pertsona badaude. Hau ondo ulertu behar da: nire ahizpa ere surflaria da, baina disfrutatzeko, eta hondartzan dauden pertsonek ere horretarako egiten dute; eskubidea guztia dute horretarako. Gu, aldiz, errendimendua ari gara bilatzen, baina ez ditugu tresnarik onenak, eta horrela oso zaila da hobetzea.
Pantin Classic
Uztailaren 3an, Valdoviñon (A Coruña, Galizia) egin zen Abanca Pantin Classic Galicia txapelketan, final-laurdenetako emaitzagaz nahikoa izan zuen surflari sopeloztarrak World Surf Leagueko Qualifying Series zirkuituan Europako surflari onenaren izendapena jasotzeko.