Apustu-etxeen aurka protesta egiteagatik atxilotuak epailearen aurrean deklaratu zuten atzo

Ander Zarraga 2021ko abe. 21a, 10:47

Sopelan joko-aretoen aurka egiteagatik atxilotu zituzten hiru gazteak eta laugarren akusatu batek Getxoko epaitegian deklaratu zuten atzo, abenduaren 20an. Azaldu dutenez, oraindik ez dakite zehatz-mehatz zer da leporatzen zaiena: "Oraingoz, kalte-delitu batengatik deklaratu behar izan dugula bakarrik dakigu". Horiei elkartasuna adierazteko, Zapustu plataformak elkarretaratzea egin zuen epaitegiaren atarian.

Uztailean, Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu zituen Sopelan, joko-aretoen aurka egindako protestetan parte-hartzea leporatuta. Agenteak laugarren pertsona baten etxean egon ziren, baina hau ez zuten atxilotu, daborduko, Ertzaintzak beraren aurkako ikerketa-prozesu bat abiatuta zeukalako.

Atzo, abenduaren 20an, hiru atxilotuak eta laugarren ikertua deklaratzera joan behar izan ziren Getxoko epaitegira. Azaldu dutenez, kalteen ustezko delitu batengatik deklaratu zuten, baina oraindik ez dakite zeintzuk diren leporatzen zaizkien karguak.

Apustu-etxeen "arazoa"

HIRUKAn egindako elkarrizketan aditzera eman zutenez, duela hamar urte agertu zen Sopelan oraindik zabalik dagoen lehenengo joko-aretoa, eta beste hainbat herritan lokal horien presentzia ere nabarmen areagotu da azken urteotan. Horrelako establezimenduek sortu dezaketen eraginagaz kezkatuta, herriko hainbat gaztek elkartzea eta joko-aretoen "arazoa sozializatzeko planteamendu desberdinak garatzen" hasi ziren.

"Atxiloketen ostean, arazoak beste dimentsio bat hartu duela uste dugu, eta problematika sozializatzeko zein prozesu judizialari aurre egiteko Zapustu sortu dugu", azaldu zuten plateformako kideek. Beraien helburua da apustu-etxeek sortzen dituzten "arazoak" sozializatzea, eta, horretarako, hainbat ekimen abiarazi dituzte, hala nola beste aisialdi eredu bat aldarrikatzeko ekimenak.

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun