Elkarrizketak

Zapustu: "Atxiloketen ostean arazoak beste dimentsio bat hartu duela uste dugu, eta problematika sozializatzeko sortu dugu Zapustu"

Iker Rincon Moreno 2021ko urr. 21a, 14:21

Sopelako joko-aretoaren kontrako plataforma da Zapustu. © ZAPUSTU

Apustu-etxeek Sopelan sortzen dituzten "arazoak" sozializatzeko asmoz, Zapustu plataforma sortu dute udalerrian. Taldeko kideek azaldu dutenez, joko-areto horien problematika landu eta salatu gura duten arren, askotariko ekimenak jarri dituzte martxan, hala nola bestelako aisialdi bat aldarrikatzea. Era berean, datorren astelehenean, hilaren 25ean hasiko den prozesu judizialari aurre egiteko zozketa-kanpaina abiatu dute, eta laster kamisetak jarriko dituzte salgai.

Nondik dator mota horretako plataforma bat sortzea herrian?

Duela hamar bat urte agertu zen Sopelan orain arte zabalik jarraitzen duen lehenengo joko-aretoa, eta aurretik beste hainbat herritan lokal mota horien presentzia era nabarmenean handituz joan zen. Ordutik hona gauzak baretu ordez, arazoa areagotzen ari dela ikus dezakegu, eta horren adibide dugu Sopelako joko-aretoak duela urtebete egindako bilakaera, euren diru irabaziak handiak direnaren adierazle. Honen aurrean, eta egoera oso kezkagarria zela ikusita, herriko hainbat gazte batu ginen, eta joko aretoen presentziak suposatzen duen arazoa sozializatzeko planteamendu desberdinak garatzen hasi ginen. Ezaguna denez, gure jarduna oztopatu nahian, uztailaren 22an Espainiako Polizia 4 sopeloztarren etxeetara joan eta horietako 3 atxilo eraman zituen. Atxiloketen ostean arazoak beste dimentsio bat hartu duela uste dugu, eta problematika sozializatzeko zein prozesu judizialari aurre egiteko Zapustu sortu dugu.

Zein egoera bizi du gaur egun udalerriak apustu-etxeekiko?

Egoera oso kezkagarria da; lehen esan bezala, duela 10 urte agertu zen lehen aldiz joko-areto bat Sopelan, eta ordutik hona aretoon presentzia areagotzen joan da. Horren adibide dugu duela urtebete gobernu-taldearen laguntzaz egindako handipena. Aldi berean, oso kezkagarria da jendeak joko-aretoekiko duen pertzepzioa: ohiko tabernak bezala ikusten ditu, horiek sortzen duten miseria eta ezkutatzen duten ustelkeria guztia kontuan hartu gabe; hein batean, hori da Zapustu sortzearen zergatietako bat. Are kezkagarriagoa da joko-aretoaren bezeroen zati handi bat gazteak direla, eta Sopelako apustu-etxean adingabeei sarrera ukatuta dietela egia izan arren, asko dira herrian zehar adingabeek apustu egiten duten tabernetako apustu-makinak. Aldi berean, makina horien hornitzailea Sopelako joko-aretoa gestionatzen duen enpresa berdina dela nabarmendu behar da. Hala ere, Zapustuk eta orokorrean joko-aretoen kontrako dinamikek harrera ona izan dute sopeloztarron artean, eta etorkizunari begira nahiko baikorrak gara.

"Argi utzi nahi dugu hau ez dela pertsona jakin baten kontrako edo joko-areto espezifiko baten kontrako bideratutako dinamika"

Zergatik egin gura diezue aurre horiei?

Hainbat dira arrazoiak, baina batez ere ezin dugulako onartu, etorkizuna lapurtuta, egunero zapalduak eta jazartuak garen honetan, langile klasea otzan eta dependiente mantentzeko sortutako erreminta diren apustu-etxeen presentzia. Ez dugu soilik azaleko kritika bat egin nahi; ez da soilik joko-aretoekin lotutako arazo bat, izan ere, joko-aretoek sortzen duten problematikaz ari garenean, hau azaleratzen dugunean, horren kontra egiten dugunean, herri ereduaz, asimilazioaz eta kapitalismoaz ari gara. Joko-aretoko jabeek edota gobernu-taldeko zenbait kideek pertsonalizatutako gatazka bat bihurtu nahi izan dute arazo hau, “herritar batzuk beste batzuen kontra”, kritikak eta zergatiak alboratu nahian. Baina argi utzi nahi dugu hau ez dela pertsona jakin baten kontrako edo joko-areto espezifiko baten kontrako bideratutako dinamika; guk dinamika abiatu izan badugu da joko-aretoek Sopela bihurtu nahi duten horren aldeko ezin besteko pieza delako, Euskal Herriaren zapalkuntzan beste erreminta bat eta langile klasearen kontrako beste errepresio modu bat delako izan da. Eta horregatik atxilotu eta jazartu gaituzte, horien kontra egin dezakeen beste edonori gertatu dakiokeen moduan.

Aurrera begira, zeintzuk dinamika jarriko dituzue martxan?

Urriaren 16an zelai errea txapelketa antolatu genuen, bestelako aisialdi bat aldarrikatzeko; gainera, duela aste batzuk abiatu genuen abenduaren 20an bukatuko den zozketa-kanpaina, eta datozen asteetan kamisetak salgai jarriko ditugu. Hori epe motzean; epe ertain-luzera begira, aldiz, 2022ko urtarrilean martxan jarri nahi dugun hitzaldi-bira antolatzeko lanean gaude, eta datorren urteko udaberria aldera, neurri sanitarioen lausotzeaz baliatuta, jaialdi bat antolatu nahiko genuke. Horretaz gain, apustu-etxeen presentziak suposatzen duen arazoa sozializatzeko gure ohiko jardunarekin jarraituko dugu.

"Herriak du dena aldatzeko ahalmena, eta ez dago herri antolatu bat gelditu dezakeenik"

Egindako bide laburrean, hainbat jazarpen pairatu dituzue. Zer irakurketa egiten diozue horri?

Estatuen eta kapitalaren errepresioaren erabilera ez zen uztailaren 22an gure atxiloketekin batera asmatu; guk hasieratik genekien gure jardunak kostu errepresibo bat izan zezakeela, ez egiten genuena eta duguna delitua izan daitekeelako, baizik eta, negozio horietako jabeek haien irabaziak pertsonen bizitzak hondoratzen lortzen badituzte, zelan ez dira prest egongo haien praktika ustelen kontra egiten duten horien bizitzak hondoratzeko? Hala ere, gure kasuan, jabeak jokatu duen paperak berebiziko garrantzia izan arren, argi dago ez dela soilik honen erabaki bat izan. Guk hasiera batetik gure atxiloketak azkenengo urteetan eta batez ere osasun krisiarekin batera areagotu den herri-mugimenduaren kontrako estrategia baten baitan kokatu genituen. Ez ditugu kasu isolatu gisa ulertzen gure atxiloketak; Sopelan azkenengo urtean pertsona desberdinen kontrako poliziaren jazarpenarekin, Txorimalo gaztetxearen desalojo saiakerarekin, Itzubaltzeta gaztetxearen desalojoarekin, herri eredu basati honen aurka aritzeagatik epaituak izango direnekin, Danontzat gaztetxearen desalojoarekin eta eskualde zein Euskal Herri mailan eman diren beste hamaika erasoekin lotzen ditugu. Herriak du dena aldatzeko ahalmena, eta ez dago herri antolatu bat gelditu dezakeenik; eurek ondo dakite, eta horregatik atxilotu, jazartu eta epaitzen gaituzte. Baina horien aurrean gu gure hautuan berresten gara, errepresio, epaiketa eta jazarpenaren aurrean antolakuntza eta borroka. Horregatik, bide hau luzea izango denez, eta, tamalez, herri mugimenduak beste hamaika eraso pairatu beharko dituenez, guk antolatzeko, saretzeko eta borrokatzeko deia egiten dugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun