Otsailaren 26rako

Jazarpen politiko eta polizialari aurre egiteko jaialdi antierrepresiboa iragarri du Sopelako Ernaik

Iker Rincon Moreno 2022ko ots. 8a, 12:38

Ernai gazte antolakundeko Sopelako hainbat kidek jasandako "eraso eta etengabeko jazarpena" salatzeko prentsaurrekoa egin zuten zapatuan, hilaren 5ean, Sopelako udaletxearen ondoan. Pairatutako errepresioaren nondik norakoak azaltzeaz gainera, horri "elkartasunez" erantzuteko eta isunei aurre egiteko otsailaren 26an jaialdi antierrepresiboa egingo dutela iragarri zuten.

Prentsaurrekoan, gazteek deitoratu zuten herrian euren jardun politikoa garatzeko propaganda jarri gura izateagatik 3.000 euroko isunak jaso dituztela 2020ko abendutik hona, "baita atxiloketa bat, horren epaiketa, udaltzainen kolpeen ondorioz ospitalizatutako gazte bat eta etengabeko jarraipenak".

Gazte ekintzaileek salatu zuten EAJk "bere indar polizialak" baliatzen dituela kaleak astintzen dituen gazteriaren kontra oldartzeko. Ildo horretan, gogoratu zuten joan den eguenean udaltzain bik Getxoko epaitegietan deklaratu behar izan zutela, "atxilotutako gaztearen eskubide urraketengatik".

Isunak, kolpeak eta jarraipenak gazteen militantzia politikoa "itotzeko maniobra zikinak" direla gogor salatu zuten gazteek: "Gu beldurtu eta desaktibatzea dute helburu". Hala ere, argi utzi zuten ez direla geldituko, "aldarrikapenez kaleak astintzen jarraituko dugu. Eraldaketa soziala eta askapen nazionala helburu, Sopelako gazteok sasi guztien gainetik antolakuntzan eta borrokan jarraituko dugu".

Gainera, urteotan pairatutako errepresioari elkartasunez erantzuteko deia egin zuten; besteak beste, iragarri zuten isunei aurre egiteko jaialdi antierrepresiboa egingo dutela otsailaren 26an, eta materiala eta zozketak salduko dituztela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun