Deialdia egin duten taldeek deitoratu dute gobernu-taldeak urriko osoko bilkuran aurrera atera zuen gizalegezko ordenantzak adierazpen eskubidea urratzen duela. Besteak beste, adierazi dute arau berriak herriko taldeek beren jarduerak komunikatzeko erabiltzen dituzten bitartekoak, kartelak, pintadak, pankartak, panfletoak edo bestelakoak, hutsegite oso larritzat jotzen dituela. Horren eraginez, orain, aipatutako ekintzek 50 eta 3.000 eurora bitarteko isunak izan ditzakete Sopelan.
Gaineratu dutenez, "amorru zentsorea ez da hor geratzen: beharrik gabe, ohartarazten dute (Udalak) udaltzainek indarra erabili ahal izango dutela beharrezkotzat jotzen duten guztietan. Sopelan duela gutxi herriko gazteak ospitalera eta epaitegira eraman zituzten ekintzei legezko balioa eman nahi dietela dirudi". Gogoratu beharra dago, 2021eko otsailean, horma batean torturaren aurkako murala egiten ari zela, Ernaiko militante bat Urdulizko ospitalean artatu behar izan zutela, udaltzainen eta ertzainen aldetik jasotako jazarpenaren ondorioz.
Horretaz gain, ordenantza berriak "aporafobiatik asko duten aipamenak" dauzkala ere kritikatu dute, orain, Sopelako edukiontzietan bilatzea edo kalean eskean aritzea 200 euroko isunagaz zehatu dezaketelako. Gainera, erantsi dute bide publikoan kirol- edo jolas-jarduerak egitea edo plazetan gurpil-oholakaz aritzea ere isun bera suposatu dezakeela.
Beraien aburuz, "ordenantza berria Mozal Lege estalia da, eta bizikidetza-arazo gehiago eta sumindura gehiago baino ez ditu ekarriko. Errealitatea makilaka ezkutatzen saiatzeak ez du emaitzarik ematen. Alderantziz, konponbideak urruntzen ditu". Halaber, arau hori sortzeko egindako azpijokoa ere gaitzetsi dute, neurri berean zigortzen dituelako adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko eskubide bat eta hirigintzagaz edo bizikidetzako alderdiakaz zerikusi handiagoa duten jarrerak, hala nola maskoten gorotzak ez jasotzea edo lorategi publikoetako landareak ebastea.
"Mozal lege berri bat"
Zentzu berean, ordenantza onartu zenean, Sopelako EH Bilduk horren inguruko kritika gogorrak ere egin zituen, Mozal Legearen parekoa eta adierazpen askatasunaren aurkako dela salatuz. Alde batetik, deitoratu zuten Patricia Alfonso Podemoseko zinegotzi transfugak egin ziola "lan zikina" EAJri, martxoko osoko bilkuran gai polemiko hori sartuz eta bere botoari esker onartu zela ordenantza; bestetik, salatu dute gobernu-taldeak ordenantza inolako eztabaidarik gabe aurrera atera duela.
Koalizioko kideek ordenantzari osoko zuzenketa aurkeztu ziotela ere azaldu dute, "eztabaida sortu eta gure ikuspuntu ezberdina erakutsi ahal izateko. Baina, berriro ere, Gobernu Taldeak, bere kabuz jardunez, puntu hau osoko bilkurara eraman zuen". Zentzu horretan beraiek zigorrean eta isunetan oinarrituta ez dagoen bestelako ordenantza proposatu zuten, "pedagogia, prebentzioa, bitartekaritza eta lan komunitarioak erdigunean jartzen dituena".
Adi #Sopela EAJk, PSEk eta zinegotzi transfugaren "gizalegezko" ordenantzaren indargabetzea eskatzeko herriko hainbat eragilek deitutako elkarretaratzearekin bat egiten dugu
— EH Bildu Sopela (@SopelaEHBildu) November 23, 2022
Udal mailako mozal lege honen inguruko info gehiago, hemen https://t.co/Q5Gzq3kIYk pic.twitter.com/QRt8p6ny5K