Aurreko maiatzean, Sopelako Kiribile elkartearen proposamenez, herriko hainbat elkartek, hala nola Munarrikolanda mendi taldea, Munarri Atletismo Kluba, Sopelako Udal Elkartea, Tai txi taldea, Peña Txurisurf taldea, Urko Mendi Taldea, Meñakoz kultur elkartea, Sopelako Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek eta Mankomunitateko teknikariek Sopelako Eraztun Berdea sortzeko Akordio Estrategikoa osatu zuten.
Egitasmo horren helburua da Sopelako kultura eta natura-ondarea zaintzea. Horretarako, udalerrian zehar Eraztun Berde zabal batean proiektatu zituzten euren egitasmoak. Hori gauzatzeko, ekainaren 30ean, Udalbatzak aho batez onartu zuen egitasmoa, eta hori gauzatzeko beharrezko diren jardueretarako urteko aurrekontu-partidak konprometitu zituzten, erabakiak hurrengo legegintzaldietan zehar ere iraun dezan.
Aurkezpena
Eraztun Berdearen Kontseiluaren kudeaketa parte-hartzailearen bidez, proiektua zehazten joan da eta hilaren 14an, zapatuan, 12:00etan, Udaletxeko Plazan, Sopelako Eraztun Berdea osatuko duten guneen mapa aurkeztuko dutela iragarri dute. Horregaz, Sopela ingurune babestu batez hornitu gura dute, herritarrek biodibertsitate maitatu eta baloratuaz errespetuz goza dezaten.
Aurkezpen horregaz batera, Eraztun Berdea zehazteko eta eraikitzeko erronka etorriko dela adierazi dute arduradunek: "Orain konplizitateak lortzea, interesak hurbiltzea eta proiektu ilusionagarri honetan inplikatuta dauden pertsona guztien artean akordioak lortzea dagokigu".
Halaber, Eraztun Berdean sartutako lurren jabeak proiektuaren zati bat direla ere adierazi dute, beren garapenerako funtsezkoa baitira, eta horiekaz akordioak lortu ahal izatea espero dute. Beraz, herri-proiektu horren parte garrantzitsua izanda eurekaz egongo direla iragarri dute.
Horrez gain, sopeloztarrek Bizilagunak ere Eraztun Berdearen garapenean parte hartzera eta Kontseiluagaz lankidetzan aritzera deitu dituzte, eta gaineratu dutenez, "pausoz pauso, sopeloztarrentzako eta Sopelako ondare natural eta kulturalarentzako proiektu handi hau gauzatzen ari gara".