Sakonean

Zipiriñeko ikasleen gurasoak ez daude adabaki gehiago onartzeko prest

Ander Zarraga 2023ko ots. 10a, 08:00

Zipiriñeko ikasleen gurasoek deitutako manifestazio bat, artxiboko irudian.

Hezkuntza Saila Zipiriñeko Ikasleen Gurasoen Elkarteagaz eta Sopelako Udalagaz elkartuko da martxoan. Barrakoiak kenduko dituztela iragarri ondoren, guztien itxaropena da urteetako masifikazio-arazoa behingoz konponduko duen eraikin berriari argi berdea ematea; aldiz, gurasoak mesfidati daude hainbeste adabakiren ostean.

Sopelako Zipiriñe eskola publikoak urteak daramatza leku-arazoak pairatzen, Iker Elejabarrieta Ikasleen Gurasoen Elkarteko (IGE) presidentearen hitzetan, "zentroan ez da ezta orratz bat gehiago sartzen". Arazoak aspalditik etorri arren, gurasoen pazientziak gainezka egin zuen 2017an jolastokian barrakoiak jarri zituztenean. Musika-gela eta liburutegia hartzen dituzten obretako egitura prefabrikatuak aldi baterako izango zirela azaldu zien Hezkuntza Sailak, baina sei urte geroago hor jarraitzen dute. Orain, Hezkuntza Sailak horiek kenduko dituela iragarri du, baina ez du zehaztu noiz izango den edo neurririk hartuko ote duen eskolaren overbooking-arazoari konponbide bat emateko. Bitartean, gurasoek eraikin berria egiteko eskatzen jarraitzen dute, nahiz eta Hezkuntza Sailak egitasmoa bere aurreikuspenetatik baztertu. Hori 2021ean gertatu zen, orain, arazoa berrikusteko agindu zuten epea igarota, berriro batzartuko direla iragarri dute.

Bilera horren aurrean, gurasoen jarrera argia da: "Edo eraikin berria egiten dute edo ez, baina ez dugu adabaki gehiagorik nahi". Halaber, orain arteko Hezkuntza Saialaren itxikeriak estrategia argi bati erantzuten diola salatu dute: "Eskola publikoa kaltetzen ari dira inguruko ikastetxe pribatu eta itunpekoei mesede egiteko eta ikasleak horietara joan daitezen".

Gurasoek diotenez, Bizkaian ikasle gehien duen ikastetxe publikoetako bat da Zipiriñe: 925, gaur egun. "Ikasturteko bost lerro ditu eskolak, baina lau lerro izateko diseinatu zuten; gehienez, 40 ikasgela izan behar zituen, eta 44 ditu momentu honetan", azaldu du gurasoen ordezkariak. Horregatik, arazoarekiko axolagabekeriaz jokatzea leporatzen diete Eusko Jaurlaritzari: "Zipiriñe ez dago euren hezkuntza-plan estrategikoan, ez da haien kezketako bat".

Arazo puntuala. Eusko jaurlaritzak eraikin berria egiteko proposamena ez zuen bere inbertsio planean sartu, leku-arazoa «puntuala» dela argudiatuz. 2021ean bi urteko epea eman zuen matrikulazioen arabera proposamena berrikusteko.

Gurasoek argi daukate orain arte lortutakoa euren mobilizazio eta kanpainen eraginez izan dela, eta eskola berria eraikiko balute egindako presioagatik izango dela argi dute. Berbarako, 2019an leku barik geratu ziren jantokian, ikasle asko zerbitzu barik geratzeko arriskuagaz. "Umeek 20 minutuko txandetan bazkaldu behar zuten, eta hori ezinezkoa da", gogoratu du Maria Martinez IGEko kideak. Gurasoen kexen eraginez, Hezkuntza Sailak jantokia handitzea lortu zuten, nahiz eta horretarako ikasgela bat galdu. Arazoaren beste adibide bat da jolastokian estalita dagoen zatia hedatuko dutela, euria egiten duenean umeak patioko estalkietan pilatzen baitira. Hala ere, gurasoek ez daukate argi lanak nola egingo dituzten, berez gainezka dagoen jolaslekuari zati handi bat kendu beharko diotelako, bai lanetarako, baita lanen materialak gordetzeko ere; beraz, beldur dira lanak hasten direnean umeak ez ote dituzten jolastorduan ikasgelan utziko.

Masifikazioaren eraginak

Gurasoek zentroaren leku-arazoak euren seme-alaben ikaskuntza-prozesuan kalte egiten diela errepikatu dute behin eta berriro. Adibidez, gurasoen elkarteko presidenteak kontatu duenez, gurasoak batu egin behar izan dira, besteak beste, informatika-gelarik edo laborategirik ez dagoenez, euren seme-alabei ikasgai horiek eurak eman ahal izateko. "Leku-arazoen eraginez, 2 eta 4 urteko gelen arteko banaketa ere kendu behar izan zuten, baina adin horietako umeak nahastea ez da bateragarria metodologiarekin, eta horrek arazoak sortzen ditu", gaineratu du.

Hori gutxi balitz, COVID-19aren pandemian ezarritako segurtasun-distantziak betetzea ezinezkoa izan zen ikasleen sartu-irtenean sarbideak kolapsatzen diren zentroan.

Leku-arazoek eragindako buruhausteei jolastokiaren egoera penagarria ere erantsi diote gurasoek: zabuak hondatuta, lurra zoladurarik gabe eta umeek euren garapenerako beharrezkoa duten adinako toki-falta. Hala ere, duela gutxi, Udalaren ardurapekoa den jolaslekuan okerren zegoen eremua konpontzea lortu dutela jakinarazi du Elejabarrietak: "Gurasoak mobilizatu genituen, eta Udalari, alkateari eta zinegotziei bidalitako kexu masiboen eraginez lortu dugu behintzat hesiakaz itxita zegoen gunea egokitzea, umeak segurtasunez jolas daitezen".

Hala ere, deitoratu dute hori adabaki zerrenda luze baten parte bat bakarrik dela, Udalak 2021ean Goiene kalea itxi zuenekoa bezalakoa. COVID-19aren eraginez segurtasun-distantzia betetzeko neurria izan zen hori. Zabalbideko bizilagunek neurri horrek eragin dien eragozpena salatu dute, euren etxeetarako ibilgailu-sarbidea itxi dietelako eta 50 bat aparkaleku galdu dituztelako. Hori salatzeko, Sopelako DB-TU alderdiak 100 sinadura inguru eraman zituen Udalaren osoko bilkurara eta Arartekoak adierazi du kalea eskolari ematea "irregularra" izan zela, ez baitago esku-hartzearen epea zehazten duen dokumenturik Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. "Hala ere, kale hori berrezartzen badute eta estalkia hedatzeko lanakaz hasten badira, zer gertatuko da jolastokiagaz?", galdetu du gurasoen elkarteko presidenteak.

Biztanleria-hazkundea

Sopela eskualdean gehien hazi den udalerrietako bat da, zehazki, azken 20 urteetan % 23,6 hazi da udalerriko biztanleria, baina hezkuntza publikoko eskaintza ez da parean areagotu; hor dago koska. Gainera, hazkunde horrek jarraitu egingo duela aurreikus daiteke, Abaroko sektorean eraiki gura dituzten 600 etxebizitza-proiektua bezalakoen eraginez. 

Egoera horren aurrean, azken urteotan gurasoak arazoa bai ala bai konpontzeko borrokan aritu dira. Diotenez, "arazoa belaunaldiz belaunaldi pasatu da, baina guk gure seme-alabentzako eta etorriko direnentzako kalitatezko hezkuntza publikoa nahi dugulako borrokan jarraituko dugu. Nekatuta gaude erakundeen konpromiso faltagatik". Horretarako, hainbat mobilizazio egin dituzte, eta Legebiltzarrera edo Sopelako Udaleko osoko bilkuretara joan dira. Diotenez, argi dute norengana jo: Hezkuntza Sailarengana. Gaineratu dutenez, nekatuta daude, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean pilota alde batetik bestera pasatzen egon direlako arazoaz benetan arduratu barik.


Modulu prefabrikatuak Zipiriñe eskolako jolastokian. 

Horren aurrean, 2021eko urtarrilean, udalerriko alderdi politikoek bi proposamen aurkeztu zituzten Zipiriñerentzako: batetik, EAJk eraikina handitzeko proposatu zuen, Goiena kalea hartuz, eta, bestetik, EH Bilduk planteatu zuen Haur eta Lehen Hezkuntza eraikin berri batera eramatea. Azken proposamena onartu zuen gurasoen % 78k.

Martinezek azpimarratu duenez, eskatzen dutena ez da Sopelan ikastetxe berri bat egitea, Zipiriñerentzako eraikin berri bat baizik, oso gauza ezberdinak direnak: "Horregaz, arazoagaz behin betiko amaituko litzateke. Ez gaude prest arazoa luzatu besterik ez luketen adabaki gehiagorik onartzeko".

Proiektua

EH Bilduk aurkeztutako aurreproiektuak Loroñon eraikin berria egiteko proposamena jasotzen du, Lemotza erreka eta Zabalbide kalearen artean, gaur egun aparkalekua dagoen eremuan, hain zuzen ere. Horretarako, 5.435 metro koadroko azalera duen lursail bat proposatu zuten, berdegune baten eta urbanizatuta dagoen kale baten ondoan. Proiektuak bi solairuko eraikina aurreikusten du, errekara ematen duen berdegune bategaz. Horrez gain, eraikinaren sotoan 110 plazako aparkaleku bat ere egiteko aukera ematen du proiektuak. Zentzu horretan, Udalak fitxa mugitu eta azaroko osoko bilkuran lursailaren arau subsidiarioa aldatu zuen, eraikin berria egin ahal izateko.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzari proiektua aurkeztu ziotenean, horrek adierazi zuen ez zuela Hezkuntza Saileko 2019-2023 Inbertsio Planean sartuko, problema "puntuala" omen zelako. Era berean, Haur eta Lehen Hezkuntza eraikin bitan banatzea "esperientzia txartzat" ere jo zuten, eta 2024ra arteko epea eman zuen matrikulazio-erritmoa aztertu eta egingo zutena erabakitzeko.

Orain, Zipiriñeko gurasoak erabakiko denaren ikusmenean daude, baina aurreratu dute beraiek eraikin berria bakarrik onartuko dutela arazoaren konponbide gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun