Sopelako gizalegezko ordenantzaren aurka batu diren hainbat elkartek, eragilek eta alderdi politikok osatzen duten plataformak prentsaurrekoa eman zuen aurreko barikuan. Beste behin, Sopelako Udalak 2022ko azaroan onartu zuen gizalegezko ordenantza salatu zuten, adieraziz "askatasunaren eta oinarrizko eskubideen murrizketa" dakarrela.
EAJ eta PSE alderdiek osatutako gobernu-taldeak aurrera atera zuen ordenantza atxiki gabeko zinegotziaren botoari esker, eta, ordutik, hainbat elkarte hori geldiarazteko ahaleginetan ari dira. Barikuan azaldu zutenez, horren zilegitasun politikoa ere zalantzan jartzen dute, oposizioko talde guztiek kontra bozkatu arren, atxiki gabeko botoari esker onartu baitzen araua, "hain justu, ordenantzaren aurka bozkatu zuen alderdi batetik kaleratu zuten zinegotziaren laguntzaz".
Neurria gaitzesteko zerrendatu dituzten gainontzeko argudioen artean, araudiak hartzen dituen debeku hauek nabarmendu gura izan zituzten: herriko kale eta plazetan jolastu edo eta kirol-jarduerak egitea; izaera politikoko pankartak, kartelak eta orokorrean, propaganda erakutsi, zabaldu edo eta jartzea; adin txikikoa izanda limosna eskatzea; zaborretan bilatzea eta ekitaldi publikoak egiteko fidantza bat ordaintzeko eskatzea. Azpimarratu dutenez, "neurriak txirotasuna kriminalizatu, eremu publikoa pribatizatu eta adierazpen askatasuna urratze du".
Halaber, deitoratu dutenez, "arau horiek betearazteko, 11.2 artikuluaren bitartez agintaritza agenteek eta herriko indar polizialei pertsonen gainean indarkeria erabiltzea ahalbidetzen du". Gainera, araudia betetzen ez dutenentzako zehapen-araubideak 50 eta 3.000 euro arteko isunak aurreikusten dituela ere salatu dute.
Ordenantza hori baliogabetzeko helburuagaz, plataformako elkarteek hainbat alegazio aurkeztu dizkiote, eta iragarri dute horiek hurrengo Udaleko osoko bilkuran bozkatuko dituztela. Herritarren desadostasuna adierazko, hilaren 17an eta 19an mobilizazioak iragarri dituzte udaletxeko plazan, 19:00etan.