Ikerkuntza-prozesua hurbiletik abiatu zuela kontatu du historialari urduliztarrak: "Ikerketa Sopelako udal-gordetegian hasi genuen, horren parte bat udaletxean dago eta beste bat Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoan". Horrez gain, Salamancako Memoria Historikoaren Zentro Dokumentala, garaiko prentsa historikoa eta ahozko testigantzak ere batu ditu. Prozesu guztia Ludger Mess EHUko historialariaren gidaritzapean eta laguntzagaz egin du.
Hasiera batean, lanak Bigarren Errepublika eta Frankismoaren lehen urteak hartzeko asmoa zuela azaldu du, hala ere, ikertu ahala Errestaurazioa eta Primo de Riveraren diktatura ere sartzea garrantzitsua zela konturatu ziren: "Garai horretan gertatu ziren hainbat pasartek Sopelaren etorkizunean zeresan handia izan zuten; izan ere, 1893. urtean trena heldu zen Sopelara, eta hori gertakizun erabat iraultzailea izan zen inguruko udalerri guztientzat". Gertakizun horrek eskualdeko izaera erabat irauli zuen, Bilbo eta itsasadarreko eremua hurbildu zituelako. "Horri esker sopeloztar asko lantegietara joan ahal izan ziren lanera, eta baserriko produktuak Bilbon saltzea ahalbidetu zuen".
Euskararen bilakaera Sopelan. "Ikerketan euskararen bilakaera ere aztertu dugu, baina ez da batere erraza izan, hori berreraikitzeko ez baitugu ia dokumentaziorik. Hala ere, ondorioztatu ahal izan dugu 1918-19 urteen bitartean elizan apaizen sermoiak euskaraz egiten zirela. Gerora, gazteleraz ere egiten hasi ziren, beraz, baliteke gaztelaniatze prozesu bat egon izana. Uste dugu hori Bilbotik etortzen ziren udatiar erdaldunen eraginez eta kanpotik etortzen ziren irakasleengatik izan zela. Frogatzeko oso zaila da, baina nik uste dut udalerri erabat euskalduna zela garai hartan. Frankismoaren garaian, euskara ezabatu egin zuten eta hilobietan eta hainbat negozioetan euskarazko inskripzioak kentzea derrigortu zuten"
Lehen udatiarrak. Gertakizun horrek oraindino gaurkotasun handia duen fenomeno bat ere eragin zuen: udatiarrak. Garai horretan, Plentzia eta Sopelako hondartzak jendez bete ziren, "baina Sopelakoek ospe txarra hartu zuten prentsaren erruz, hainbat pertsona ito baitziren bertan. Horren aurrean, 1928ko ekainean Udalak Noticiero del Lunes egunkarian artikulu bat ordaindu zuen adierazteko Atxabiribil segurua zela, hondartza arriskutsua Arriatera zela; udalerriko lehen publierreportajea izan zela esan dezakegu". Gainera, garai horretan hainbat etxe eta jauregi ere eraiki zituztela gogoratu du Somokuetok. "Tamalez, jauregi eta etxe horietako oso gutxi geratzen dira gaur egun zutik".
Bigarren Errepublika. Udatiarrakaz batera, trenean ideia berriak ere etorri ziren Sopelara, hala nola abertzaletasuna eta errepublikanismoa. "Garai horretan, azpimarratu nahiko nuke Sopelak bere lehen alkate emakumea izan zuela: Concordia Moral. Larrabasterrako eskola mistoko irakaslea zen eta 1933an Udalaren Batzorde Kudeatzailea gidatzeaz arduratu zen hiru hilabetez. Oso azpimarragarria da garai horretan emakume batek lan hori burutzea. Moralek ika-mika asko izan zituen udalerrian, baina hori laster argitaratuko dugun libururako utziko dugu".
Gerra Zibilean, errefuxiatuen etorrera, gudari sopeloztarren jarraipena, Burdin Hesiaren eraikuntza edota matxinatuen sarrera ere aztertu ditu. Kontatzen duenez, frankistak Sopelan sartu zirenean, udal-idazkariak gordeta zegoen Espainia nazionaleko bandera bat eman eta soldaduek San Pedro elizan jarri zuten. Errepresioari dagokionez, Felipe Marcaida Mauricaren kasua azpimarratu du Somokuetok: "Euskal Itsas Gudarostean zegoen itsasoratuta, eta 1937an fusilatu zuten. Baina beste hainbat kasu egon ziren, eta denen izenak batzen saiatu gara".
Frankismoko hasierako urteetan sopeloztarrak nola bizi izan ziren ere ikertu du urduliztarrak, eta, besteak beste, bertako alderdi falangista nork osatzen zuen eta nola funtzionatzen zuen aztertu du. "Lanaren aurkikuntza handienetako bat da hori, beste udalerrietan informazio hori aurkitzea oso zaila baita".