Sopelako Udalak gizalegezko ordenantza onartu du

Ander Zarraga 2023ko api. 21a, 09:04

Ordenantza honi ez! plataformako kideak martxoaren 30eko Sopelako Udaleko osoko bilkuran protesta egiten. © ORDENANTZA HONI EZ!

Martxoko Udaleko osoko bilkuran, Sopelan hainbat protesta eragin dituen gizalegezko ordenantza onartu zuen Udalak. Oposizioak "mozal lege" bezala kalifikatu duen ordenantza defendatu du Josu Landaluze alkateak, eta, horren aurka azaldu diren alderdiei "manipulazio hutsa" egitea leporatu die.

Sopelako gizalegezko ordenantza martxoaren 30ean egin zen osoko bilkuran onartu zen EAJ, PSE-EE eta zinegotzi ez atxikiaren aldeko botoakaz; aldiz, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta DB-TU alderdiek horren aurka bozkatu zuten. Araudi hori onartzeagaz batera, udalerriko hainbat taldek aurkeztutako alegazioak ere bertan behera geratu ziren.

Alde batetik, alkateak HIRUKAri egindako adierazpenetan arrazoitu du ordenantzak "oinarrizko gizalegea" besterik ez duela ezartzen eta oposizioko alderdiei manipulazioa leporatu die. Deitoratu du Sopelako kaleak "pintadakaz eta kartelakaz beteta" daudela eta udalerrian horiek jartzeko 14 toki daudela. "Ni ez nago adierazpen askatasunaren aurka, baina horrelako jokabideakaz amaitu gura dugu", adierazi du Landaluzek.

Bestetik, ordenantza horren aurka sortutako Ordenantza honi ez! plataformak hainbat ekintza burutu ditu azken hilabeteetan eta hori bozkatu zen osoko bilkurara ere eraman zuten ordenantza geldiarazteko ekimena. Bilkuraren grabaketan ikusi daitekeenez, tentsio-uneak egon ziren protesta egiten ari ziren herritarren eta ordenantzaren alde bozkatu zuten politikarien artean. Besteak beste, plataformako kideek salatu dute alkateordeak argazkiak atera zizkiela protesta egiten ari zirela eta bilkura-aretoa utzi zutenean horien atzetik joan zitzaiela.

Plataformako kideen arabera, besteak beste, "araudia adierazpen-askatasuna murrizteko, poliziaren indarkeria justifikatzeko eta legitimatzeko eta pertsona ahulenak baztertzeko zein kriminalizatzeko ahalegina da". 

Alderdien iritzi kontrajarriak

Bozketaren aurreko mintzaldietan, Maria Teresa Fernandez PSE-EEko zinegotziak ordenantza "aspektu batzuetan oso light" iruditzen zitzaiola adierazi zuen. Gainera, beste udalerri batzuetakoakaz konparatuta eta herriaren egoera kontutan hartuta, ordenantza "justifikatuta" dagoela argudiatu zuen. Horregaz batera, Ignacio Moreno zinegotzi jeltzaleak ere neurria babestu zuen adieraziz hori negoziatzeko hainbat kontzesio egin dituztela, baina deitoratu zuenez, "Udal honetan oso zaila da gura ez duenagaz akordioak lortzea".

Bere aldetik, EH Bilduk ordenantza "ezkutuko mozal lege gisa"  eta "barrabaskeria juridiko" bezala definitu zuen. Gainera, udalerriko hainbat taldek aurkeztutako alegazioak "arrazoizkoak eta zentzuzkoak" zirela arrazoitu zuten, eta auzokideen ongizatea bermatuko zuen "eztabaida lasai eta pausatua" proposatu zion gobernu-taldeari, "baina EAJ-k eta PSE-EE-k, zinegotzi ez atxikiaren laguntzaz, Sopelako mozal legea aurrera atera zuten, gure herriko sektore ahulenen aurka arbitrarioki erabiliko duena".

Bukatzeko, plataformak desobedientzia zibilerako deia egin zien sopeloztarrei: "Gure kale eta plazetan jolasten eta kirola egiten jarraitzeko deia egiten dugu, kartelak eta pankartak jartzen jarraitzeko, paskinak banatzen eta banderolak erakusten jarraitzeko, hori saihesteko ahaleginak egin arren mobilizatzen jarraitzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun